Urriaren 27an greba Nafarroako hezkuntza publikoan

2011/09/28
Nafarroako hezkuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatuek greba deitu dute urriaren27rako. Deialdiaren helburua Nafarroako Gobernuak hezkuntza publiko ezunibertsitarioan egin nahi dituen murrizketak salatzea da.

ELAren iritziz, hezkuntza publikoko langileak aurreko ekainetik dabiltza mobilizazioekin lan baldintzen eta hezkuntza sistema publikoaren kalitatearen aldeko borrokan. Aldarrikapen biak eskutik helduta datoz; edozeinek ulertu ahal du lan baldintza duinik gabe ez dagoela kalitatezko zerbitzu publikorik.

Dirurik ez dela diote eta horrexegatik gastuaren aldetik egin behar direla murrizketak. ELAk dio gezurra hutsa delahori. Nafarroako Gobernuak bereak egin ditu enpresa handien eta boteretsuen tesiak. Ez dira ia zergak ordaintzen kapitaletik datozen errentetatik; ematen zaizkien bonifikazio eta salbuespenei esker oso gutxi da enpresek ordaintzen dutena; ezer gutxi egiten da zerga-iruzurraren kontra… Oso argi dute agintariek zertan guztion dirua xahutu: Sanferminen museoa, Navarra Arena pabilioia, Los Arcoseko zirkuitua eta AHT batez ere. Gastu hauek betikoen poltsikoak betetzea dute helburu eta haien ondorioz egungo belaunaldiak eta ondoren etorriko direnek izugarrizko zama jasan beharko dute. 

Sindikatuaren arabera, Nafarroa publiko den ororen etsai handienen eskuetan dago. Barcinak berak Madrilen “copago sanitario” delako horren onurak defendatu ditu. Erraza da: ez dute publikoan sinisten.

Nafarroan Hezkuntza Publikoa kalitate handikoa da. Horrela uzten dute agerian PISA informeak; unibertsitaterako sarrera probek eta familien gehiengo zabal baten iritziak. Hau guztia da arriskuan jartzen dena murrizketa sistematiko hauen politikarekin.

Barcina eta Iribasen diseinua Esperanza Aguirreren diseinu bera da. Ezin digute ziria sartu. Erritmoak desberdinak badira ere helburu bera dute buruan: sare publikoaren kalterako jokatu beharra dago. Honen kalitateak behera egiten duen heinean, baliabide nahikoak dituzten familiek beraien seme-alabak itunpeko ikastetxe pribatuetara eramango dituzte. Itunpeko ikastetxeetako langileentzako jakina ez da onurarik egongo. Soldata moderazioa; garai txarretan denok lagundu behar izatea; horrelako diskurtsoak eta administrazioaren laguntza arduratuko dira horretaz.

ELAk azpimarratu duenez edozein tresnak balio du zerbitzu publikoen suntsiketaren alde: ezkutaturiko kaleratzeak, enplegu publikoko eskaintza pobreak, ordezkapenak zuhurkeriaz betetzea; kolektiboak haien artean aurka jartzea.

Iribas jaunaren taldearen eguneroko jardueran gezurra erabiltzen dute. Langileen ordezkariekin negoziazioan hasteko prest dagoela dio; guztion artean aurrera egiteko aukera dugula. Aldi berean publikoki gure kontra dabil familiak eta gizartea gure aurka jarri nahian. Horregatik Iribas jaunari exijitzen diogu berriketa alde batera utzi eta ekintza zuzenera pasa dadila. Gure aldarrikapenak argi daude: gastu publikoa era zentzudun batean kudea dadin; murrizketa gehiagorik ez; atzera egin dezaten hartutako neurrietan eta irakasleen ordezkapenak lehen bait lehen bete daitezen.

Hau guztia lortzeko unibertsitatez kanpoko irakasleak ordezkatzen ditugun sindikatuok mobilizazioak deitu ditugu egun hauetarako. Erantzuteko garaia iritsi da. Gure erantzunaren neurriaren arabera, gai izango gara Nafarroako Gobernua atzera egiten derrigortzeko. Guztiok bat eginik; irakasle, guraso eta ikasleek bidegabekeria hau geldi dezakegu.

Hezkuntzako profesionalok lanuzteak eta greba burutuko dituzte eta gogor aritu dira familia eta ikasleen inplikazioa jasotzeko asmoz. Horregatik hain zuzen ere urriak 22rako manifestaldia deitu dugu Iruñan.  Batetik, 250 pertsona kale gorrira bota ditu Nafarroako Gobernuak edozein enpresarentzako eredu bihurtuz. Bestetik, Hezkuntza Publikoa; kohesio, justizia eta berdintasun gehiago duen gizarte baten berme bakarra, da kolokan jartzen dena.