Utzikeria nagusi Eibarko osasun-zentroko artxibategian

2008/09/18
Eibarko anbulatorioko artxiboa 20 m2-tik beherako erdisoto batean dago, han bildu eta kudeatzen dira Lehen Mailako Arretako eta Espezialitateetako historia klinikoak. Artxiboko gehienezko edukia 10.000 historiakoa da, baina benetan 100.000tik gora biltzen dira. Espediente-orgek eta bestelako altzariek okupatzen duten espazioa esparru osoaren %90 da; hori dela-eta, postu horretan lan egiten duen pertsonaren mugikortasuna guztiz mugatuta dago.

Hori horrela, historia klinikoak gaizki metaturik daude, ezin dira erraz erabili; eta gainera, artxiboaren beraren egoera arriskutsua eta osasungaitza da, hurrengo arrazoi hauek direla-eta:

 ·         Ez dago eguraste-biderik, leihoek kaleko espaloira ematen dute, eta horregatik betiko daude itxita. Argiztapena ere urria da.

 ·         Zikin dago, eta estolda-hatsa dario: Artxiboa ur beltzen hustubidearen ondoan dago, eta behin baino gehiagotan ur beltzak gainezka egiteko zorian egon dira. Ibaia behetik igarotzen da, eta zabortegia hurbil dago; hori dela-eta, arratoiak barruraino sartzen dira batzuetan. Hormak zikin eta hezetasun-orbanez beterik daude.

 ·         Artxiboko orgen artetik ez dago ia ibiltzeko tokirik, orgen artean harrapaturik geratzeko arriskua ere badago. Gainera, batzuetan, historia klinikoen bila jende gehiago sartzen denean, egoera itogarria da.

 ·         Estuasuna eta orgen pisua direla-eta, artxiboko arduradunak lipoatrofia jasan du.

Artxiboaren egoera larria denez, Bezeroari Erantzuteko Eibarko Bulegoko langileek kexa ugari aurkeztu dituzte, urtebetetik hona, Lan Arriskuen Prebentziorako Batzordean; baina Bulegoko arduradunak ez du txintik ere esan.

Artxiboa zaharberritu behar da berehala, ez bakarrik osasun-arrazoiengatik (bertako langilearena, Bezeroari Erantzuteko Bulegoko langileena, eta gainerako erabiltzaileena), baizik eta artxibo batek bete behar dituen gutxienezko baldintzak betetzeagatik (historia klinikoak gordetzeko behar besteko edukia, garbitasuna eta segurtasuna).

 Baina, orain arte behintzat, egoera horren berri jakin duten arduradunek beste leku batera begiratu dute, eta ezikusiarena egin: inork ez du arazoari aurre egin, eta erantzukizuna elkarri bota diote.

Guk dakigunez Osakidetzako beste zentro batzuetan ere antzeko egoerak gertatzen ari dira; jakin ere badakigu azaleko utzikeria eta axolagabekeriaren atzetik zerbitzu hori arlo publikotik arlo pribatura aldatzeko asmoa badagoela, osasun publikoa zatiz zati pribatizatzen joateko; beti ere, kudeatzeko modurik onena delakoan.

ELAk ez die horrelakoak egiten utziko. Egoera kezkagarri hori konpondu behar dute, langileek behar bezala lan egitea izan dezaten.