ADINEKOEN EGOITZAK

Zerbitzu publikoa, putreen negozioa

2023/07/12
Bizkaiko erresidentzietako langileek akordio bikaina sinatu dute sektoreko patronalekin; gainontzeko herrialdeetan ere mobilizazio betean dago sindikatua

ELA da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan lehen sindikatua adinekoen erresidentzien sektorean, eta, Nafarroan kenduta, gehiengo absolutua du herrialde guztietan. Sektorearen publikazioa helburu, sindikatua langileen lan baldintzen aldeko borrokan dago murgilduta.

Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokorra deitu du azaroaren 30erako, zaintza sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko bat bermatzeko. Gaur egun zaintza gizartearen behar nagusienetakoa da. Hala ere, Hego Euskal Herriko instituzioek ez dute menpekotasun egoera ezberdinak kubritzeko eskubidea bermatzen. Horren lekuko dira adinekoen egoitzak. ELAk, zorionez, badu plan bat: sektore pribatizatu hau publikoa izatea, beti ere pribatizazioa jasaten duten langileen enplegua bermatuz. Helburu hori lortze aldera, sindikatuak hiru greba egun deitu zituen Hego Euskal Herrian pandemiaren ostean: 2020ko azaroaren 17an, 2021eko urtarrilaren 26an eta 2021eko martxoaren 4an.

Akordioa Bizkaian

Bien bitartean, eta helburu nagusia zein den ahaztu gabe, hau da, sektorearen publifikazioa, ELA borrokan dago hitzarmenetan lan baldintzak hobetu eta ekiparazioak lortzeko. Borroka horretan ELAk garaipen garrantzitsua lortu zuen maiatzaren 23an. Sindikatuak (sektorean % 64ko ordezkaritza du) akordioa sinatu zuen patronalekin Bizkaiko adinekoen egoitzen hitzarmena berritzeko. Akordioak ia bi urte eta 68 greba egun iraun duen lan gatazkari amaiera eman zion. Akordioak KPI+4ko soldata igoera jasotzen du, 2021etik 2025era bitartekoa da, eta Bizkaiko adinekoen egoitza guztietan aplikatuko da, gutxienez. Epe hori amaitzean, soldatek %23,22ko igoera izango dute, eta horrek aurreko greban lortutakoari jarraipena emango dio: ondorioz, 2015etik metatutako soldata igoera %36 baino handiagoa da.

Estatu hitzarmenetik hitzarmen probintzialera Araban eta Nafarroan

Bizkaian akordioa blindatuta dago 2025. urtea bitartean, baina borrokak aurrera jarraitzen du beste herrialdeetan. Araban eta Nafarroan estatu mailako hitzarmena aplikatzen zaie langileei. Honek hilean 1.160 euroko soldata eta urtean 1.792 orduko lanaldia suposatzen du. Bizkaiko 1.800 euro eta asteko 35 orduko lanaldiarekin alderatuta, aldea nabarmena da. Araban eta Nafarroan helburuak berdinak dira: lehen hitzarmen probintziala lortzea, astean 35 orduko lanaldia eta gutxienez 1.400 euroko soldata. Helburu horiek lortzeko, adibidez, ekainak 29 eta 30 greba egunak izan ziren Araban.

Gipuzkoako Foru aldundiak lan baldintzen gainbehera babesten

Gipuzkoan pandemiak goitik behera kolpatu zuen ELAren greba dinamika indartsua. 2022ko uztailean, pandemia atzean utzi eta greba dinamika berriz ere martxan jarri zenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean Adegi, Lares eta Garen patronalek hitzarmena adostu zuten UGTrekin, ordezkaritzaren %8a duen sindikatua. Foru Aldundiak hitzarmena goraipatu eta hauspotu zuen, jakinda, hitzarmen honek bere indarraldian langileen erosahalmena ez zuela bermatzen. Hitzarmena gutxiengoan sinatzeak, antidemokratikoa izateaz gain, langileei sortzen dien segurtasun juridiko falta izugarria da. 

Gipuzkoako Aldundia sektorea desegiten ari da eta lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen du. Gipuzkoako erresidentzietako langileen %45 baino gehiagok kontratu partzialak ditu. Azken urteetan datu hau gorantz doa. Honek ondorio jakin batzuk ditu, besteak beste hitzarmeneko soldaten azpitik egotea eta enpresaren aurrean langile ahulagoak izatea.

BIZKAIKO EGOITZEN NEGOZIOA

Julia Martí Comasek eta Flora Pozzobon Rodriguesek ‘Bizkaiko egoitzen negozioa. Fondo putreak zelatan' izeneko argitalpena argitaratu dute AMAR ANTAS talde feminista eta arrazakeriaren aurkakoarekin eta OMALekin (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia) batera. Bertan, adinekoen egoitzak kapital pribatuarentzat diru-irabazi iturri bihurtu diren prozesua aztertzen da. ELAk lan horretan lagundu du, eta Bizkaiko egoitzetako langileen borrokak eta garaipenak ere aztertu ditu.

Bizkaiko kasua aztertzen du liburuak, baina egoera antzekoa da Euskal Herriko gainerako lurraldeetan. Kasuistika errepikatu egiten da: administrazio publikoek diru publikoarekin finantzatzen dute zerbitzu publiko bat, gero funts putreek eta puntako enpresek adinekoen zaintzarekin negozioa egin dezaten.