Zerbitzu publikoen aldeko elkarretaratzea

2008/01/23
Neoliberalismoaren aurkako mundu-mailako astea dela eta, elkarretaratzea egin da Bizkaiko Diputazioaren aurrean,”'Mundua bestelakoa ere izan daiteke' lemapean. Ehunen bat pertsonek parte hartu duten ekitaldi honetan kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko aldarrikapena egiten duen idatzi bat zabaldu da.

Hau da zabaldu den testua

Lurraren luze-zabalean pil-pilean dauden politika ekonomiko neoliberalen oinarrietako bat zerbitzu publikoak pribatizatzea da (osasuna, hezkuntza, posta, garraioa eta abar). Izan ere, puntu hori nagusi da gobernu guztien agendan, eta munduko ekonomia zuzentzen duten erakunde guztien agendan. Nazioarteko erakunde ekonomiko horien artean Munduko Bankua, Nazioarteko Moneta Fondoa, eta Munduko Merkataritza Antolakundea daude.
 
Europako Batasuna neurri horien aldeko sutsua da: Barne Merkatuko Zerbitzuen Zuzentaraua (Bolkestein Zuzentaraua), porrot izandako Konstituzio Ituna, eta ondorengo Lisboako Ituna joera horren adibide garbiak dira. Pribatizazioa egunetik egunera ezarri nahi dute, batez ere lau bide hauetatik:

a) Zerbitzuen kalitatea hondatuz. Herritarren funtsezko eskubideei erantzuten dieten zerbitzuen (hezkuntza, osasuna...) diru-hornikuntza gero eta murritzagoa da (gastu publikoa).

b) Zerbitzu publikoak liberalizatuz. Gero eta lege-erraztasun gehiago ematen da enpresa pribatuak zerbitzu publikoen arlora sar daitezen.

c) Subrogazio-akordioak eginez. Enpresa publikoek daramatzaten eginkizunak —funtsezkoak— enpresa pribatuen esku uzteko akordioak egiten dira.

d) Zenbait zerbitzu, zuzenean eta besterik gabe, pribatizatuz (posta, trena...)
Eta Europan gertatzen dena hemen ere gertatzen da: ikusi besterik ez dago zerbitzu publiko eta kalitatezkoei eusteko behar diren inbertsioak nola gutxitzen diren, gizartearen beharrizanen aldean eta ekonomiaren bilakaeraren aldean; eta bestetik, gobernuetatik eta erakundeetatik bultzatzen diren politikak nola zerbitzuak pribatizatzeko diren (hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan, postan, garraioan...)
Euskal Herrian Europako Batasunaren azken postuetan gaude, gizarte-babeseko baliabideei dagokienez (hemen, BPGaren %19; Batasunean, %27). Azkenetarikoak gara osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan...; hau da, bizitza-kalitatearen erakusgarri diren arloetan.

Politika baztertzaile horrek paperik gabeko etorkinak zerbitzu publikoetatik kanpo utzi nahi ditu.

Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 21etik 26ra doan astean, mobilizazioak egiten ari dira Lurraren luze-zabalean, politika neoliberalen aurka. Guk ere bat egiten dugu “Kalitatezko zerbitzu publikoak denontzat” dioen izenburuarekin.