Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroan 35 hezitzaile plaza sortzeko beharra onartu du Eusko Jaurlaritzak

2022/11/16
ELAk azken urteetan 27 demanda judizial egin eta aldeko epaiak lortu ondoren, Funtzio Publikoaren txostenak 85 hezitzaile behar direla aitortzen du, hau da, orain dauden baino 35 hetzitzaile gehiago. ELAk positibotzat jotzen du plaza berriak sortzeko beharra aitortzea, horrek langileak gehiegizko lan- eta ordu-kargetatik askatuko bait ditu; horrela, zerbitzua antolatzeko aukera izanik, zentroan artatzen diren adingabe eta gazteei erantzun hobea emanez.

Ibaiondo Hezkuntza Zentruko zerbitzua sortu zenetik, ELAk salatu du sortu ziren hezitzaile plazak ez zirela nahikoak. Egiturazko lan bat zegoela, ordezkapenekin betetzen ari zena. Administrazioak ez die jaramonik egin eskari horiei, eta sindikatuen lana eta bide judiziala izan dira mugitzera behartu dituztenak. ELAren zerbitzu juridikoek 27 demanda judizializatu dituzte 2020tik, eta epaiek lan-kontratu mugagabeko langile ez-finko gisa aitortzen dituzte langile hauek. Ordutik, 35 epai mugagabe ez-finko daude guztira. ELAko afiliatuen beste 7 eskari daude oraindik ebatzi gabe.
ELAk Administrazioari eskatu dio aitor dezala langile horien antzinatasuna kontratuaren lehen egunetik, eta epaiak berehala betearazteko eskatu diogu; gainera, egiturazko lan hori betetzeko sortu beharko liratekeen plazak kalkulatzeko eskatu diogu.
Administrazioak, atzo, Funtzio Publikoaren txosten bat, justifikazio-memoria bat eta hizkuntza-normalizazioari buruzko txostena helarazi zizkion sindikatuen ordezkaritzari, Ibaiondo Ikastetxean LPZren aldaketari eta hezitzaile-lanpostuaren 35 dotazioren sorrerari buruz.
Txostenetan eta memorian beharrezko dotazioak aitortzen dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta: derrigorrezko benetako presentziako orduak, kontziliazioko urteko orduak, ordu sindikalak eta abar. Ondorioz, 85 langile behar dira (gaur egun LPZan dauden 50 hezitzaile lanpostukoekin alderatuz).
Justifikazio-memoriak onartzen du 17 hezitzaile behar direla hezkuntza-talde bakoitzean, egungo 10 dotazioen ordez.
Epai irmoen betearazpenari berehala erantzun ahal izateko, Administrazioak 15 dotazio sortuko ditu 2022ko ekitaldiko aurrekontuen kontura. Sailak eskatutako gainerako dotazioen sorrera ondoren aztertuko delarik.
ELAk Funtzio Publikoari eskatzen dio gainerako administrazio-izapideak bizkortzeko, eta sindikatuoi lehenbailehen helarazteko zerbitzua nola antolatuko den eta gainerako plazak zein epetan sortuko diren.
Era berean, sindikatua ezinbestekotzat jotzen du 15 lanpostu berri horiek lan eskeintzetako hurrengo deialdian sartzea, Administrazioaren utzikeriagatik lege-iruzurrean urteetan lan egiten duten langile ugarik, benetan kontsolidatzeko aukera izango dutela bermatzeko.