Hezkuntza Nafarroa

Absentismoa, meritokrazia eta kapitalismoa hezkuntzan

2024/05/07
Mikel Larraza - Irakaskuntza Nafarroa
Gero eta gutxiago dira kapitalismoaren atzaparretatik kanpo geratzen diren arloak edo esparruak. Aspaldidanik gure sisteman edozein gai neurgarria izan behar du eta onura ekonomikoak eragin, nahiz eta oso humanoa izan. Hortik sortu zen, joan den mendearen erdialdean, “kapital humanoaren” kontzeptua, Schultz eta Beckerren azterketa soziologikoan oinarritua. Hau da, erabat laburbilduz, pertsonak sortzen duten mozkinaren arabera neurtzea.

Hezkuntza, aipatutakoaren beste adierazle bat besterik ez da. PISA txosten ospetsua, adibidez, gaur egun hezkuntza-sistema bakoitzaren egoera neurtzeko parametro bakarra dirudiena, ELGAk egiten du (OCDE), erakunde guztiz ekonomizista eta neoliberala.

Lan esparruari dagokionez ere, hezkuntza-sistema gero eta antolatuago dago enpresa-parametroen arabera. Hezkuntza Departamentuak azken hamarkadetan bere jarduna “Ikastetxeak kudeatzeko kalitate sisteman” deritzon horretan oinarritu du (IKKS). Sistema hau enpresa munduko prozesuen kontroletik dator zuzenean. Prozedura honek irakasleak datu biltzaile hutsetan bihurtzen ditu, non egunean zehar gertatzen diren afera guztiak erregistratu behar dituzten, etorkizunean egingo direnak idatzi behar diren (programazioak) edo baliabide gehiago eskatzeko etengabe inprimaki amaitezinak bete behar dituzten, besteak beste, euren benetako lana gauzatzeko tarterik gabe geratu arte. Hau da, beraien ikasleria merezi duen arretaz eta pazientziarekin hezi.

Kapitalismoaren beste besoetako bat meritokrazia da, talentu eta ahalegin indibidualean oinarritutako ondasun eta etekinen banaketarekin lotutako ideia, baliabideen banaketa desberdina legitimatzen duen printzipioa. Sindikatuek Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin izandako bileretan, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea ( %15 eta %20 artean, kalkulua nork egiten duen) aldarrikatu ondoren, hezkuntzako negoziazio sektorialerako mahaira ekarri zigun proposamen bakarra "irakaskuntzaren jardunaren ebaluazio" posible bat aztertzea izan zen, irakasleen karrera profesional baten zati gisa, balizko soldata hobetze bati lotuta. Hau da, kolektibo osoak erosteko ahalmenaren galera jasan badu ere, irakasle-lanaren balorazio positiboa jasotzen duten pertsonek bakarrik berreskura dezakete zati bat, eta betiere ebaluatzailearen irizpidearen arabera. Nork ebaluatuko luke? Zein irizpideren arabera? Meritokrazia garbi eta gordina, oso erraz bezerokeria hutsean bihur daitekeena.

2022ko urtarrilean, Gimeno Kontseilariak hezkuntzako ratioei buruzko eztabaida irekitzearen komenigarritasunaz hitz egin zuenean, honako kontzeptu hauei buruz hitz egin zuen: "ikasle/talde ratioa ez ezik, hezkuntza-berrikuntza eta -aldaketa, ekitatea hobetzea eta irakaskuntzako profesionaltasuna garatzea bultzatuko duen eztabaida ireki behar da"; "ona izango da ratioen eztabaida kalitate pedagogikoko eta ikastetxeentzako estimulu eraldatzaileko koordenatuetan zentratzea, orain kokatzen den lan-eztabaidatik aldenduz"; edo "ratio berri hauek arautzea eta eraginkor bihurtzea planteatzen da: etengabeko prestakuntzan dauden irakasleak/ikasleen ratioa, irakasle-sareetako kide diren irakaskeak/ikasleen ratioa...". Proposamena argia da: ratioen jaitsiera irakasleen "lan onaren" edo "inplikazioaren" sari gisa erabiltzea. Arriskutsua bezain bidegabea.

Nahiz eta foro batzuetan Hezkuntzako zenbait arduradunek ratioen jaitsiera per se onuragarria izatearen aurka egin duten, engainu nabarmena da, Departamentua bera baita ikasleen premia edo aniztasun handiena duten ikastetxeetan aplikatzen duen lehen neurria, jakin badakitelako neurri eraginkorra eta zuzena dela. Hala da ikastetxe horientzat eta baita gainerakoentzat ere.

Gure ikuspuntutik, askoz egokiagoa litzateke sistema bera premia guztiei erantzuteko prest egotea (inklusio-printzipioa), ratio orokorra jaitsita, eta ez neurriak behar bakoitzaren arabera hartzea (integrazio-printzipioa), nahiz eta neurri gehigarriak har daitezkeen azken hauei hobe erantzuteko.

Hala ere, lehen adierazi dugun bezala, ratioen jaitsiera ahaleginaren sari gisa erabili nahi da. Horrek adierazten du, gure ustez, hezkuntza-kudeatzaileek euren plantillari buruz duten pertzepzioa. Haien begietara, ez gara behar adina ahalegintzen. Irakasleei prestigioa eman beharrean, jendartean geure jardunagatik mespretxuzko kritika egiten duten ahots horien aurrean, jarrera horiek elikatzen dituzte, suari gasolina botatzen dioten suhiltzaileen gisa.

Zentzugabekeria hau guztia nahikoa ez balitz, elementu berri bat sartu da irakseleon irudi publikoaren aurkako kanpaina honetan. Departamentuak baja medikoen ehunekoak aurkeztu zizkien sindikatuei, zifraren bat deigarria egiten zitzaielako. Laneko osasunaren prebentzioan lan egiteko sektore baten absentismo-datuez kezkatzea gauza positiboa da. Baina informazio hori komunikabide batera filtratu zen, eta nahita lotu zituen bajen albistea eta ekaineko oposizioena, baja horiek proba horien prestaketarekin zerikusia izan zezaketela iradokiz. Zalantzarik gabe, kolektiboaren profesionaltasuna kolokan jartzeko asmoz egindako informazioaren antolamendu interesatua.

Lankideok, bakarrik utzi gaituzte, baina asko gara. Altxatzeko ordua iritsi da.