Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du administrazioetan hizkuntza eskubideak parekatzeko aukera

2024/02/28
Pello Igeregi, ELAko euskara arduraduna
Sarri gertatu ohi da diskriminazioa eragiten duten hegemonia egoerak normaldu eta naturalizatzea. Horregatik, diskriminazio horiek gainditzeko erabakiak hartzen direnean, ekintza/diskriminazio positiboaren bidez, pribilegioak izan dituztenek aurrez aurre jartzen dira eta salatu egiten dute “onura” izango duen kolektiboaren aldetik jasango duten diskriminazioa. Halako erreakzioak ikusi izan ditugu genero-diskriminazioaren kontrako neurriak hartu direnean, edota pertsona arrazializatuek zei LGTBIQ+ kolektiboetakoen egoera bideratzeko hartutakoan.

Beste oinarrizko eskubide zibil bat dugu norbere identitatea izateko eskubidea, nork bere hizkuntza mintzatzeko eskubidea barne; honek ere kontrako adierazpenak pizten ditu hizkuntza baten hegemonia zalantzan jartzen denean. Halako zerbait ari gara euskararekin jasaten, diskriminazio positiboa galdegin gabe ere; ez, hemen eskatzen dena da bi hizkuntzetarako eskakizunak parekatzea. Izan ere, euskal hiztunen eskubideak ez baitira oraindik errespetatzen, euskara gaztelania bezala ofiziala izanagatik ere. Hain zuzen, diskriminazio horri eutsiko dio, Administrazioetan Euskararen Erabilera Normaltzeko Dekretuak.

Esaterako, gaztelania administrazioko lanpostu guztietan eskatzen da. Ez da beharrezkoa berariazko akreditaziorik, Euskal Autonomia Erkidegoan hazi den edonorentzat bermatuta baitago gaztelaniaren ezagutza. Alabaina, etxe ondoan, Irungo ikastetxe publiko batean, eskolak euskara hutsez eman behar dituen Hendaiako irakasle batek -inguru euskaldunekoa, alegia- akreditatu behar du gaztelaniaz C2 maila duela, hau da, eskakizun gorena; euskaraz, ordea, aski da C1 akreditatzea, hots, EGAren pareko maila, C2 baino apalagoa.

Beste adibide bat da merituak nola hartuko diren aintzat. Adibidez, lanpostu batean euskararen oinarrizko ezagutza eskatzen bada, berariaz galaraziko da meritu gisa hartzea euskara maila altuagoa. Inork pentsa lezake oposizio batean lanostu baterako ikasketa mailari dagokionez gradua eskatzea eta izangaiak doktoretza duela akreditatuz gero, maila altuagoa, ezinezkoa izatea meritu gisa aintzat hartzeko aukera? Bada, dekretuan euskarari buruz erabaki horixe hartu du Jaurlaritzak.

Gainera, gobernuak finkatu duen indizeak ez du bermatzen administrazioan euskara ezagutuko denik. Ondorioz, euskaraz artatua izan nahi duenak propio eskatu behar du, baita egoera korapilatsuenetan ere (larrialdi medikoak, poliziarekiko harremanak...). Bestalde, herritarrek zerbitzua gaztelaniaz eskatzen ez duten kasuetan langile euskaldunek ez dute bermatuta izango euskaraz lan egiteko eskubidea.

Edozein administrazioren xedea izan beharko litzateke diskriminazio egoera hau atzean uztea, baina Lakuako gobernuak baztertu egin du hizkuntz-eskubideak parekatzeko aukera.
Hau gertatzen da diskriminazio hori, gaztelaniaren erabateko hegemonia, naturalizatu egin delako. Euskarak izango balitu gaztelaniak indarrez bereganatu dituen erreprodukzio-bide berberak nik ere ez nuke eskatuko euskararen ezagutza administrazioetan akreditatzerik. Baina tamalez ez gaude puntu horretan.

Gaztelaniaren hegemoniak eragiten du gizarteko zati baten erreakzioa euskararen eta gaztelaniaren estatusa parekatzeko erabakiak hartzen direnean: gaztelaniaz bizitzea hautatu duenaren pribilegioaren defentsa egiten dute, uste baitute normala dela gizarteko bizimodua batez ere erdaraz izatea. Ez diot errurik bota nahi euskara ez dakienari; egiturazko neurriak behar dira gizarte guztiak euskara ikas dezan, baina oraingoz halako neurririk ez dago ezarrita. Haatik, ezin da onartu ere euskaraz bizi nahi duenak diskriminaziorik pairatzea.

Datozen 15 urteetan orain administrazioan lanean ari den jendearen erdia erretiratu egingo da; hain zuzen euskara gutxien dakien sektorea (noski, adin-tarte honetan ere %100ak ezagutzen du gaztelania). Daukagun denbora-leiho hau aukera paregabea da guztiz elebiduna izango den administrazio baterantz aurrera egiteko, gaur lanean ari diren guztiak aintzat hartuta.

Pazientzia izan behar dugu, malgu jokatu eta baliabide nahikoak eskatu epealdi horretatik aurrera administrazioetan lanean izango diren guztiek bi hizkuntza ofizialak hitz egiteko modua izan dezaten; baina beti ere helburuari uko egin gabe. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak euskararen eta gaztelaniaren estatusa berdintzeko aukera nahita baztertu du; are larriagoa dena, ontzat eman du euskaraz bizi nahi duen jendearen hizkuntz-eskubideak etorkizunean ere urratuak izatea. Eusko Jaurlaritzak ebatzi duenez, egungo euskara mailaren eskakizunari eutsiko zaio aurrerantzean ere (nahiz eta ez duen gauzatu zerbitzua euskaraz eskaintzea eta ez duen aukera ematen euskaraz lan egiteko), irizpideak bat ere aldatu gabe. Horregatik diogu dekretu berri hau ez dela baliagarria. Gainera, ez du jasotzen zeintzuk izango diren laguntzak euskaraz ez dakienak ikas dezan.

Dekretuari bi kritika baino ez dizkiote egin ustez euskalduntzean urrunegi joateagatik. Batetik, Javier de Andres lehendakarigai popularrak deitoratu du euskara gehiegi eskatzea euskal administrazioetara talentua erakartzeko oztopoa dela. Haatik, munduko Nobel saridunen %90en herrialdean gaztelania ez da hizkuntza ofiziala; beraz, hemen ezin dute lan egin, gaztelaniaz mintzatzen ez direlako. Eurentzat, arazoa ez da euskara, gaztelania baizik, baina euskara arazo gisa aurkezten da gauza naturaltzat hartzen delako gaztelaniaz lan egin beharra.

Bestalde, CCOOk kritikatu du hizkuntzen inguruko kontsentsua hautsi izana eta euskararen eskakizuna areagotzea. Lehenengo argudioa harrigarria da, sindikatu hau ez baita ordezkaritzaren %18ra ere iristen; aldiz, ELAk eta LABek ordezkaritza sindikalaren %60tik gora daukagu. Izan ere, kontsentsua ez da ba izango ordezkaritza gutxien duten organizazioen beto ahalmena? Bigarren argudioa, berriz, besterik gabe ez da benetakoa. Gaztelaniaren hegemonia defenditzen dutenen artean burkide bitxiak sortzen dira.

Euskara ez da lan-eskubideen etsaia, ez eta kalitatezko zerbitzuarena ere. Areago, euskara lan-eskubideen ezinbesteko osagaia da, gure irudiko norbere hizkuntzan lan egiteko eskubidea ere lan-eskubidea delako eta baliabideak jar daitezkeelako euskaraz ez dakienak ikas dezan. Ez da ahaztu behar kalitatezko zerbitzua emateko behar-beharrezkoa dela zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaintzea.