Jantokietako gatazka: emakumeen borroka

2011/06/02
Jone Bengoetxea Epelde
Oraingo honetan ere borrokatzeak merezi izan du, galdetu bestela eskola-jangeletako langileei. Haiek, ekinaren ekinez, boluntario-lana edukitzetik lan duina edukitzera aldatu dira, eta eskoletan “laguntza” ematetik ezinbesteko lanak egitera. Ikusi besterik ez dago zein zalaparta handia sortu duen jendartean gatazka horrek 35 egunetan.

Hala ere, urak arrastora berriro sartu eta gero, lan-merkatuaren errealitatera itzuli gara, eta eguneroko zereginetan sexuen araberako sektore-banaketa jakin batekin egin dugu topo, gizonezkoen eta emakumezkoen sektoreekin alegia.

Ekuazio honek:   emakumeak + azpikontratazioa + zainketa arloa = emaitza beti izaten da negatiboa.  Faktore horien segida ez da txiripazkoa, gizartearen eta ekonomiaren antolamendu patriarkal-kapitalistak sexuaren arabera egiten duen lan-banaketa beti izaten da haientzat onuragarri. Kontratu sozial horrek, mundua bi zatitan banantzen duenak, kalte egiten dio orokorrean langile jendeari, baina kalterik handiena emakumeei egiten die, ordaindupekoak izan edo ez izan.

Seguru aski patriarkatu edo lanaren sexu-banaketa bezalako kontzeptuak oraingo egoeran aipatzeak ez du zentzu handirik izango jende askorentzat, noiz eta orain langileriaren eskubideak eta lan-baldintzak premia handiz babestu behar diren.

ELA sindikatuan ere badakigu zein zaila den horrelako kontzeptu abstraktuez hitz egitea, ulertezinak baitira askorentzat; era berean ez da zailtasun gutxiagokoa hitz egitea gizarte-eredua edota ekonomia-eredua aldatzea helburu duten egiturazko gaiez. Baina hori horrela izanik, hurrengo galdera hauek egiten ditugu:

Nortzuek bultzatu dituzte azken urteotako lan-gatazkarik latzenak? Nortzuek izan dituzte grebarik luzeenak? Nortzuek lan egiten dute mailarik eta balioespenik apalenetako sektoreetan? Nortzuk dira langiletzat ere hartzen ez direnak, eta beraz ohiko lan-erregimenean sartuta ez daudenak?

Ez bada nahikoa galdera horiekin, beste hauek ere egin ditzakegu:

Nortzuek hartzen dute beren gain gehienbat seme-alabak hazteko eta gaixoak zaintzeko lana, familiaren esparruan? Nortzuek jasan behar dute, neurri handi batean, gastu publikoaren murrizketa eta gizarte-ongizateko zerbitzuen murrizketa? Nortzuek egiten dituzte lanaldi bikoitzak, hirukoitzak eta are laukoitzak ere?  Eta abar luze bat.

Baliteke baten batek oraindik ez ikustea gauzak argi edo “baldintzapean” ikustea kontua. Horrelako lanak ikusezinak direnez, eta kultura patriarkala bizitzaren esparru guztietara —lan-esparrura ere bai noski— hedaturik dagoenez; baliteke baten batek pentsatzea EMAKUMEEK egindako lan ordainduetako zati bat, haiei genero-arrazoiengatik dagozkien etxeko lanetako luzagarri direla.   Eta, beraz, ez dela benetako lana, are gutxiago enplegu duina, eskubide eta berme guztiak bildu behar dituena.

Hori horrela, haurrak hazteari eta hezteari ematen zaion balioa hutsaren hurrengo da; eta lan hori profesionalizatuz gero, merkatuaren arauekin topo egiten dugu aurrez aurre.  Are gehiago herri-administrazioek zerbitzu publiko hori alde batera uzten dutenean, orain gertatu den bezala.

Herri-erakundeek hain goraipatua duten genero-berdintasuna paper errea da prekarietate handieneko gizataldeen eskubideak murrizten direnean; eta hori gertatzen da gehienbat emakumeak biltzen diren sektoreetan. Lan-baldintzak duinago bihurtzea sine qua non baldintza da benetako berdintasunerantz joateko. Emakume horien lan- eta bizi-baldintzak ezin dira utzi enpresa azpikontratuen eskutan.

Zertarako erreibindikatu haien duintasuna eta eskubideak? Zertarako? Emakumeak altxatzen baldin badira, erantzun bat antolatzen badute, orduan umeak "bahitu" dituztela entzuten da, gatazkak konpontzen eragozten dutela entzuten da, gehiegi eskatzen dutela entzuten da...

Demagogiarik egin gabe, baina gauza bakoitzak bere izena du, eta sistema “kapitalista eta patriarkal” honetako lan-merkatua “sexuaren arabera bereizita” dagoela azaltzea zail samarra bada ere, hala da. Eskola-jangeletako langileen borrokak eta hainbat emakume langilerenak —ordaindupekoak izan edo ez izan— dira gatazka sindikalak tenkatzen dituztenak asalduzko krisi-garai hauetan, egiturazko desorekak eta murrizketak hain sarritan gertatzen diren garai hauetan.