2003/06/02

ELAren azterketa bulegoak kaleratu berri duen egoerari buruzko boletinean aurtengo lehen hiru hiletan enpleguak behera egitearekin batera langabezia portzentajeak gora egin duela egiaztatzen da.

Langabezia-tasa %8,34ra iritsi da. Beti bezala, emakumeen langabezia batez besteko tasatik gora dago, %11,2an hain zuzen, eta gazteena, berriz, %20,48ko maila izugarrian daukagu.

Datuok ikusirik, langabezia ezin dugu inola ere konpondutako arazotzat eman: Enplegu betera iristeko helburuak gure aldarrikapenen artean jarraitu behar du, enpresekiko enplegu konpromisoei eta lanaldia murrizteko bideei eutsiz- eta erakundeekiko, hauek etengabe ari baitira esaten paradisu antzeko herri batean bizi garela.
Aipatutako txostenak enpleguari buruzko beste datu adierazgarri batzuk ere badakartza: behin-behineko enplegu tasak oso goiti jarraitzen du, %30,54an, Europako Batasuneko tasa %13,2an dagoen artean. Egia da behin-behineko enplegu tasa horrek apur bat behera egin duela, %1,5, baina horrek tamalez ez du esan nahi enplegu finkoa gehitu denik; aitzitik, ondorioa beste bat da: aldi baterako kontratua zuten beharginek jasan dute batik bat enpleguaren beherakada.

Txostenak garbi frogatzen du enpresentzat behin-behineko enplegua plantila murrizteko bide erosoena bihurtu dela. Salmenten gorabehera edo beste edozein aitzakia medio, inori azalpenik eman gabe, inorekin negoziatu gabe eta baimenik eskatu gabe jendea kaleratzeko bidea dute. Baina okerrena zera da, legeriak eta administrazioen utzikeriak ematen diela hori egiteko aukera. Hau ere ekintza sindikalean kontutan hartu beharko dugu.