SOLDATA ARRAKALAREN AURKAKO EGUNA

Soldata arrakala berriro ere politizatu dezagun

2024/02/22
Nahia Fernandez, ELAko genero taldeko kidea
Esaera zaharrak dioen bezala, `izena badu, bada´. Hala bada, goazen ozen esatera: gurean ere, soldata arrakala egon badago. Edo beste modu batera esanda: gaur egun, gizonen soldatak emakumeenak baino handiagoak dira. EAEn, esaterako, soldata arrakala %22 ingurukoa da. Eta sinesgaitza badirudi ere, legezkoa da. Nola da posible? Bada, oinarri politikoa, kulturala eta ideologikoa duen auziari erantzun teknikoa eman nahian jarraitzen dugulako, errora jo gabe. Izan ere, soldata arrakala ez da fenomeno naturala, enpleguaren eta zaintzaren banaketa sexualaren ondorioa baizik.

Hala, ohikoa da enpresetan gizonek emakumeek baino plus eta bestelako osagarri handiagoak kobratzea. Halere, hori ez da ilegala, plusa ez baita genero kontua -haien esanetan- “gaitasun eta prestasun kontua baizik”. Nork erabaki ohi du, ordea, zer den prestasuna eta gaitasuna? Nork dauka, enpresaburuaren ikuspegitik, lanerako prestasun handiagoa, zaintzagatik lanaldia etetea edo murriztea erabaki duenak ala bere bizitzaren erdigunean lan produktiboa, lana, jarriko duena? Kasualitatea izango ote da zaintzagatik seme-alabak edota senideak zaintzeko eszedentzia hartzen dutenen artean soilik %30 izatea gizonak? Bitxia da hautua hain librea izanda, emakumeak izatea nagusiki lanaldia eten ala murriztea erabakitzen dutenak. Zergatik zigortzen dira, zeharka bada ere, zaintza ardurak euren bizkar hartzen dituzten langileak?

Enpresetako lanbide sailkapenak aztertzerakoan, bada errepikatzen den joera: ardura postuetan emakumeen presentzia nabarmen murrizten da. Zaintza eta erantzukidetasuna ez omen dira bateragarriak ardura eta lidergo postuekin. Zergatik ematen zaio balioa erabateko malgutasunari -enpresaren mesedetan, noski- edota aparteko orduak egiteari bizitza pertsonal eta laboralaren arteko orekaren kaltetan?

Eta noski, argi dago beste norbait zaintzeko asmoz lanaldi partzialak onartzea edota lanaldia etetea “norberaren hautu librea” dela. Hego Euskal Herrian, emakumeen %25,9k kontratu partziala dute; gizonen artean, berriz, soilik %7,7k. Behin-behineko kontratuei erreparatuta, Hego Euskal Herrian emakumeen %23,1 halako egoeran dago, eta gizonen %17,1 baino ez. Kasualitatea beharrean, kausalitatea ote?

Bide beretik, ohikoa da maila bereko lanpostuetan oinarrizko soldatetan arrakala atzematea, baina hori ere ez da legez kontrakoa, ez baitago maila bereko lanpostuen arteko arrakalarik, “balio” ezberdina duten lanak baizik. Hala diote behintzat. Baina, nork ezarri ditu lanen balioak? Nork erabaki du zein lanek merezi duten soldata duina eta zeintzuk prekarietatera kondenatu? Kale garbikuntza eta eraikinetako garbikuntzaren arteko alderaketa korapilo hori askatzeko nahiko argigarria da. Lehenengoa maskulinizatua dago, bigarrena feminizatua. Bietan garbikuntza lan eta funtzioak aurrera eramaten dituzte. Soldata, ordea, ezberdina da: sektoreen artean, %20tik gorako arrakala egon ohi da, kalean lan egiteagatik jasotzen dituzten osagarri eta plusak alde batera utzita. Arrazoia: sexuaren araberako lanaren banaketa eta lan feminizatuei balio sozial eta ekonomiko gutxiago ematea.

Hala, emaitzak emaitza, legez, enpresek euren etxeko lanak egiten dituzte; beti ere, eztabaida teknikoa dela erabaki dutelako. Bueltak eta bueltak ematen zaizkie argudio, zifra eta legediari, baina onar dezagun: erroko arazoa ez da teknikoki konponduko.

Izan ere, horrek guztiak ez du erantzun teknikorik; bai, ordea, erantzun politiko, kultural, eta ideologikoa. Eta kontu horri buelta emateko ezinbestekoak dira konfrontazio praktikak. Negoziazio kolektibo eta borroka sindikal feministaren bitartez ez bada, ez dago soldata arrakala gainditzerik. Eta horren adibide dira urteetan zehar eraikinetako garbikuntza sektorean izandako greba eta garaipenak: Guggenheimeko 9 hilabeteko greba -%20ko soldata igoera-, Deustuko Unibertsitateko garbitzaileen ia urtebeteko greba -%22ko soldata igoera-, edota Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko Bizkaia Plaza eraikineko garbikuntzako 4 hilabeteko greba -%20ko soldata igoera-, beste hainbat eta hainbat adibideren artean. Gatazka sindikal feminista horiek soldata arrakala 'garbitzea' izan dute helburu eta lehentasun, eta lortu dute.

Edonola ere, gatazka sindikal feminizatu guztiek egiten diote ekarpena soldata arrakalaren aurkako borrokari. Hor ditugu zaintzen arloko borrokak, merkataritzakoak, hezkuntzakoak... Izan ere, muinean, feminizatutako lanei balio soziala eta ekonomikoa aitortzea da auzia. Beraz, har dezagun borroka sindikal eta feminista horien lekukoa eta berbidera dezagun eztabaida, eremu teknikotik politikora.