ELAko Zerbitzu Juridikoa, Arautegia

I. Artikulua: IZAERA

ELAko Zerbitzu Juridikoa da sindikatukideen aholku eta defentsa juridikorako ekintza sindikaleko tresna.

II. Artikulua: EDUKIA

1. ELAko Zerbitzu Juridikoak afiliatuei aholkua eta defentsa eskaintzen die lan eta gizarte segurantza gaietan; bere gain hartzen du haien demanden tramitazioa eta interesen defentsa instantzia administratibo eta judizialetan, arautegi honetan finkatutako baldintza eta mugen baitan.

2. Bere estalduran sartzen dira bide administratibo eta judizialeko erreklamazioak, lan arloko zein administrazioarekikoak, beti ere haiek Nafarroan edota Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten organoetan hastekoak direnean.

3. Arreta juridikoaren eremutik kanpo geratuko dira soldatapeko pertsonen artean sortzen diren gatazkak, VI. Artikuluak xedatzen duena gorabehera.

4. Arreta juridikoa eskatuko da afiliatuari dagokion herri- edo eskualde-batzaren egoitzan.

5. Salbuespen gisa, Batzorde Eragileak erabaki dezake Zerbitzu Juridikoaren estaldura hedatzea arautegi honetan jasota ez dauden kasuetara.

III. Artikulua: ZERBITZU JURIDIKOAREN ARRETA DOAN JASOTZEKO ESKUBIDEA

1. Zerbitzu Juridikoaren arreta doakoa izango da azken hiru urteetan afiliatuta egon diren eta kuota sindikalaren ordainketa eguneratuta duten pertsonentzat.

2. Doako arreta juridikoak abokatuaren eta prokuradorearen lansari profesionala bere gain hartzen du, haien esku hartzea beharrezkoa balitz.

3. Ez ditu bere gain hartzen beste lansari profesional batzuk, ez jurisdikzio-ahala gauzatzeko beharrezko diren tasa eta gordailuak, ez eta balizko kostu prozesalak ere. Kontrako alderdia balitz kostuak ordaintzera zigortua, kostu hauek ELAko Zerbitzu Juridikoari itzuliko zaizkio.

IV. Artikulua: HIRU URTEZ AFILIATUTA EZ DARAMATEN PERTSONAK

1, Hiru urteko antzinatasunik ez duen afiliatuak doako aholkua jasotzeko eskubidea izango du. Zerbitzu Juridikoaren estaldura eskatu ahal izango du prozedura bat tramitatzeko, eta estaldura hori emango da, hala erabakiz gero, honako baldintzen arabera:

  1. Zerbitzu Juridikoan auzibidea abiarazten den unean eskatzaileak gutxienez 6 hilabete badarama afiliatuta, prozedura tramitatzen den bitartean B kuota, arrunta, ordaindu behar du, edozein dela ere bere lan egoera.
  2. Zerbitzu Juridikoan abiarazten den unean eskatzaileak afiliatu zenetik 6 hilabete igaro ez badira, a) ataleko betebeharrekin batera honako konpromisoak hartuko ditu bere gain:
    1. Auzia fase jurisdikzionalean sartzen denean zenbateko finko bat ordainduko du, hamabi kuota arrunten adinekoa, auzitan dagoen zenbatekoa jakina eta 900dik gora eurokoa ez bada; kasu honetan zenbateko horren %10 ordainduko du.
    2. Prozedura abiarazten denean B kuota edo kuota arruntaren lau urtealdi adineko zenbatekoa ordainduko du.
    3. Dagokion Elkargo profesionalaren arauetan finkatutako lansari profesionalak kitatuko ditu, zenbateko horri artikulu honetako b) ii. atalari dagokion kopurua kenduta.
    4. Haatik, b) ii. eta b) iii. ataletan aurreikusitako kontzeptuen ordaina etenda geratuko da betebehar hori duen pertsonak sindikatuan alta emanda eta kuotak dagozkion garaian jarraituz gero, eta kitatutzat joko da baldintza horiek betetzen badira auzibidea zerbitzu juridikoetan abiarazi zenetik lau urtera.

V. Artikulua: AHALORDETZEA

1. Zerbitzu Juridikoaren gidaritzapean erreklamazio bat tramitatzen duen afiliatuak prozedurarako ordezkaritza-ahalordetza eman behar die sindikatuak esandako pertsonei. Ahalordetze horrek ordezkariari edo ordezkariei ahalmena emango die zenbatekoak jasotzeko, baita FOGASAkoak ere; gordailuan jarritako zenbatekoak kobratzeko, eta jasotako dirutik ahalorde-emaileak ELArekin izan ditzakeen zorren zenbatekoak kitatzeko.

VI. Artikulua: ZERBITZU JURIDIKOAREN ARRETA UKATZEA

1. ELAk Zerbitzu Juridikoaren estaldura ukatu ahal izango du erreklamazio bat tramitatzeko, baldin eta irizten badio hura oinarririk gabea dela, funts handirik ez duela, sindikatuaren orientazio, jardunbide, konpromiso edo interesen aurka doala, edota langileen arteko gatazka eragiten badu.

2. Gatazka afiliatuen artekoa bada, ELAk erabaki dezake euretako baten erreklamazioa bere gain hartzea, irizten badio oinarri juridikoa eta justifikazio sindikala duela.

3. Artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako estalduraren ukoak ez du erreklamazio edo konpentsaziorik eskatzeko aukera emango. Haatik, behin ukoa erabaki bada erreklamazioak oinarririk ez zuela iritzita, eta gero erreklamazioak babes judiziala jasoko balu, aldeko behin betiko epaian, ELAk afiliatuari prozedura gauzatzean sortutako eta kitatutako lansariak itzuliko dizkio; itzulitako zenbatekoak ez du gaindituko indarrean diren gutxieneko lansariei dagokien kopurua.

VII. Artikulua: ELAKO BAJA

1. ELAn baja emateak Zerbitzu Juridikoaren arreta jasotzeko eskubidea galtzea dakar berarekin. Baja ematen zaion pertsonak prozeduraren bat irekita badu, Zerbitzu Juridikoak aukera hauek izango ditu:

  1. Defentsarekin eta prozeduraren gidaritzarekin jarraitzea. Kasu honetan eragindako pertsonak une horretatik aurrera arautegi honetako IV. Artikuluko b) i. eta b) ii. puntuek aipatzen dituzten betebeharrak izango ditu.
  2. Eskatutako auziaren gidaritza eta defentsari uko egitea; hala bada, eragindako pertsonari honen berri emango dio eta aintzat hartuko du haren eskubideek ez dezaten kalterik izan.

2. Honi dagokionez sindikatuko bajatzat joko da kuota bi hilabetez ez ordaintzea.