Eusko Jaurlaritzak ez du ordezkapenik egingo Hezkuntzan, eta ordezko langile askoren kontratuak eten ditu salbuespen-egoera betean

2020/03/31
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritza koronabirusak eragindako krisi-egoeraz baliatzen ari dela Hezkuntzako baliabideak, eta sektoreko langileen eskubideak, murrizten jarraitzeko. Hezkuntza Sailak ordezkagunea blokeatu du, eta ordezkapenak lehen egunetik egiteko betebeharra hautsi. Era berean, ordezko langileen kontratu luzatzeak dakarten kontratu aldaketak bertan behera uzteko agindua eman du Eusko Jaurlaritzak.

Telelanaren bidez zein aurrez-aurre (ikastetxe batzuk irekita egon dira, eta kasu batzuetan, irakasleek koordinazio-lanak egin behar dituzte), irakasleen lana ez da eten. Beraz, ELAk Hezkuntza Sailari eskatzen dio martxan jar dezala ordezkapen sistema, edo beste mekanismo batzuen bidez berma dezala ordezkapenak lehen egunetik egitea.

ELAren iritziz, hartutako erabakiak onartezinak dira, Jaurlaritzaren menpeko langile ahulenei kalte egiten dietelako, eta, aldi berean, hezkuntzaren kalitatean eragin negatibo zuzena dutelako. Hezkuntza Sailak irakaskuntza publikoaren kalitatea bermatu behar du, eta ez koiuntura aprobetxatu murrizketak egiteko.

Aldarrikapen hauek Haurreskolen Patzuergoko sektorean ere balio dute.

Sukaldaritzako eta Hezkuntzako Garbiketako ordezko langileen eta lan-kontratuko langileen zati handi baten kontratuak eteteko agindua ere salatzen du ELAk. Halaber, ikastaroak ematen zituzten liberatuek euren lanpostuetara itzuli behar izan dute ikastaro hauek bertan behera gelditu direlako, eta hutsik geratutako lanpostuak ez dira bete ordezkapen-kontratuen bidez. Hau da, langile prekarioenak langabeziara kondenatzea erabaki du Gobernuak alternatibarik eskaini gabe.

Azkenik, lanean ari diren garbitzaileek koronabirusaz kutsatzeko arriskua ikusita, irtenbide bat emateko eskatu dio ELAk Hezkuntza Sailari. Horregatik ikastetxe guztiak itxita mantentzea aldarrikatzen du ELAk, ahalik eta langile gehienen osasuna eta segurtasuna bermatu nahi duelako.