Grebaren hirugarren egunean, Bizkaiko autoeskoletako langileek benetako negoziazioa eskatzen dute, prekarietatea mugatzeko

2021/07/14
Bizkaiko autoeskoletako hirugarren greba egunak jarraipen zabala izan du, ekainaren 8ko eta 10eko bi greba egunen antzera. Goizeko auto-karabanetan eta kontzentrazioan parte hartze handia izan da, bai goizeko lehen orduan Artxandan, bai patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean egindako elkarreratzean, eta horrek argi utzi du sektoreko langileek babestu egiten dituztela aldarrikapenak zein mobilizazioak.

Bihar egingo dira patronalean lehendakaritza eta zuzendaritza batzordea aukeratzeko hauteskundeak. Hori dela eta, gaur, grebaren hirugarren egunean, ELA eta CCOO sindikatuek Zuzendaritza Batzorde berriari zuzendutako agiri bat erregistratu dute. Bertan, langileen erreklamazioei erantzun, eta prekarietatea jasaten duten edukiekin benetako negoziazioa hasteko eskatu dute.

Bizkaiko autoeskoletako langileek 11 urte daramatzate hitzarmena berritu gabe. Soldatak, ordutegiak eta aplikatzen zaizkien gainerako lan baldintzak oso eskasak dira, eta, kasu askotan, baita legez kanpokoak ere. Gainera, genero arrakala handia dago administrazio lanpostu feminizatuenetan. Hori dela eta, aurrerakuntzak eskatzen dituzte honako alderdi hauetan, batez ere:

 

  • Soldatak erregularizatzeko eta erosmen ahalmena berreskuratzeko lansarien taulak ezartzea. Autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak eta modu irregularrean ordaintzen diren kopuruak konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere oso feminizatutako administrazioko langileak, ia ez dira iristen 1.000 € gordinera hileko.

  • Irakasle ez diren langileen lanaldia murriztea, dagoen genero aldea murrizteko. Irakasleekin parekatzeko urrats garrantzitsua, astean 35 ordu egiteko.

  • Ordutegiak arrazionalizatzea, gaueko 21:00etatik aurrera, 11 ordu arteko lanaldiak eta larunbatetan lan egitea barne hartzen dituen sektore batean.

  • Erretiro partziala eta antzeko neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzeko.

 

2020ko urrian negoziazio-mahaia ireki zenetik, 9 negoziazio-mahai egin eta greba-egun bi egin ondoren, APAVIk ordezkatzen dituen enpresek entzungor egiten jarraitzen dute.

Gaurko greba eguna hirugarrena da sektorean, eta lehena uztailean (uztailaren 14, 23 eta 26rako deituta daude grebak). Patronalak ez baditu mahai gainean jartzen eduki horiei buruzko aurrerapausoak, mobilizazio eta greben dinamikarekin jarraituko du ELAk.