Bankuen mozkinak

Bankuek aberasten jarraitzen dute langile-klasearen kontura

2023/10/02
Enpresa handiak aberasten ari dira langile-klasearen kontura. 2022. urtea mozkinen errekorra izan zen, batez ere energiaren eta bankuen sektorearentzat. Baina, oro har, enpresa guztiek zabaldu zituzten beren marjinak. Ez da ahaztu behar izaera neoliberala duten erakunde handiek, hala nola NDFk, EBZk, ELGAk edo Espainiako Bankuak, adierazi dutela enpresa-mozkinek nabarmen lagundu dutela inflazioan. ELGAk, joan den ekaineko txosten batean, esan zuen Espainiako Estatua zela 2021az geroztik enpresa-mozkin handienek inflazioari gehien lagundu zioten herrialde garatua.

 

2023ari dagokionez, zaila da irabaziei buruzko datuak aurkitzea (IBEX35eko enpresenak edo kotizatutako enpresa handienak kenduta), baina adierazle batzuek aukera ematen dute enpresak lortzen ari diren marjinen argazkia izateko. Horietako bat Espainiako Estatuko Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak, Espainiako Bankuak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak berriki sortutako Enpresa Marjinen Behatokiak (OME) eskaintzen duen enpresa-marjina da, patronalak asko kritikatu duena.

Uztailean argitaratutako lehen txostenaren datuen arabera (BEZaren atxikipenetan eta lan-etekinetan oinarrituta), 2022ko uztailetik 2023ko ekainera arteko enpresa-marjina %13,7koa izan zen. Adierazle horren arabera, energiaren sektoreak %27 inguru kokatu zuen bere marjina (11.500 enpresa), eta garraioen sektoreak, berriz, %26an. Elikaduraren sektoreak ere marjinak berreskuratu ditu azken hilabeteetan. Kasu horretan, salmenten gaineko marjina %12,3koa da. Gainera, Behatokiko zenbait iturriren arabera, 2023 errekorreko beste urte bat izan liteke enpresen marjinetan.

Espainiako Bankuaren Balantzeen Estatistika Zentrala ere norabide berean doa, eta adierazi du enpresa ez-finantzarioen emaitza arrunta 2023ko lehen hilabeteetan %68,1 hazi dela eta sektore energetikoena %140. Ez gara mozkinez ari, baina emaitza arruntak enpresak izaten ari diren bilakaera positibora hurbiltzea ekar dezake. Aipatu behar da langileen batez besteko ordainsaria, iturri beraren arabera, %5,9 bakarrik hazi zela aldi berean.

2022a mozkin errekorreko urtea izan zen IBEX-35ean. Errekorraz hitz egitea anekdota hutsa da, baina aberastasunaren banaketa geroz eta desorekatuago bat bistaratzen laguntzen du. Lehen seihilekoan enpresen mozkinei buruzko datuak %7,4 jaitsi dira, baina Arcelorren emaitza kenduz gero, mozkinak %12 handituko ziren aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

Baina sektore bat egoera horretatik ateratzen ari bada, banku-sektorea da. Ikusi ahal izan dugu interes-tasak igotzeko politikak milaka familia itotzen dituela hipoteken garestitzearekin. Bien bitartean, bankuek milioi askoko irabaziak izaten jarraitzen dute, urtez urte hazten ari direnak. Gainera, gora egin dute, nahiz eta bankuen gaineko zerga hain beldurgarria indarrean jarri zuten, ustez emaitzak modu kezkagarrian murriztuko zutelakoan.

2022 errekorreko urtea izan bazen, 2023ko lehen seihilekoan irabaziak are handiagoak izan dira iazko aldi berekoak baino. Ibex-35eko bankuek (Unicajak izan ezik) 12.500 milioi euro baino gehiago lortu dituzte 6 hilabetean. Kutxabankek eta Laboral Kutxak ere iazkoak baino askoz emaitza hobeak izan dituzte, %53ko eta %69ko mozkinen igoerarekin hurrenez hurren. Bloomberg ekonomian espezializatutako hedabidearen arabera, Espainiako banku handiek 40 handituko dute beren interes-marjina.