Gazteriaren legea beharrezkoa da, baina beharrezkoagoak dira sistema errotik aldatuko duten neurriak

2021/03/01
Gazteriaren autonomia eta emantzipazioa erraztea du antza aurkeztutako gazteriaren lege berriak, hala ere, esan beharra dago eduki zehatzik gabeko lege batez hitz egiten ari garela. Gazteen egoera modu partzialean aztertzen da eta proposatzen diren neurriak baita ere era berean azaltzen dira. ELAren ustez eredu arazo baten aurrean gaude eta arazoa ez da konponduko lege honetan azaltzen diren neurri isolatuekin.

 

Gazteen egoeraren datu adierazgarriena dena, langabezia tasarena da, INEk 2020ko laugarren hiruhilekoan egindako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera % 35,6an kokatzen da tasa hau. Horrek esan nahi du hiru gaztetik bat langabezian dagoela. Ehunekoa hau, Europako herrialdeekin alderatzen badugu, espainiar estatua bakarrik azaltzen da EAEren atzetik. Gainera esan beharra dago, azken urtean igoera nabarmena izan duen arren, 2008tik daramala % 25etik jaitsi gabe. Beraz, arazoa estrukturala da eta hartu beharreko neurriak sakonekoak izan beharko lirateke egoera honi buelta emateko.

 

Baina langabeziarena ez da datu kaxkar bakarra, gazte ez aktiboen bilakaerari arreta egiten badiogu, ikusi daiteke 2008tik % 55etik % 72ra igo dela, hau da, 30.000 gazte gehiago daude egoera horretan. Eta horrek esan nahi du lana aktiboki bilatzeari utzi diotela gazte horiek, arrazoi batengatik: ez dutelako inolako esperantzarik lana aurkitzeko. Horrela, enplegu tasa erreala % 18an kokatzen da, hau da, bost gaztetik batek bakarrik egiten du lan. Lan merkatuak ematen duen eskaintza falta ikusirik, gazte askok ikasketetan jarraitzeko hautua egin dute eta garrantzitsua deritzogu adieraztea arlo honetan ematen den aukera falta, unibertsitatea bukatu ostean, ikerkuntzan jarraitzeko aukerak oso urriak baitira. Beken eskaria oso altua da, baina eskaintzen diren beka kopurua oso murritza. Horretaz gain, beka eskuratzen duten pertsonek, egoera zeharo prekarioan daude.

 

Enplegua dutenen gazteetan zentratuz, lana izateak ez du esan nahi egoera onean daudenik, gazteek duten enplegua gehien bat oso prekarizatua dagoelako. Horrek esan nahi du, behin behineko kontratuak eta partzialak dituztela, soldata baxukoak gehien bat eta hirugarren sektorean dihar dutenak batik bat. Egoera latza zen koronabirusa heldu aurretik, baina pandemiak are gehiago kolpatu ditu gazteak. Gizarte Segurantzaren datuek adierazten dute 2020an, enplegu suntsiketa ostalaritzan, aldi baterako kontratuetan eta gazteetan zentratu dela. Ez da kasualitatea, erlazioa kausala dago hiru aldagai horien artean. Datuei erreparatuz, enplegu suntsiketa gazteen artean ia 7.000 pertsonetara heldu da, hau da, % 14 ingurukoa izan da. Gainera, ERTEei esker hainbat enplegu mantendu dira, baina hauek bukatzen direnean, gazteen egoerak zeharo egin dezake okerrerantz.

 

Prekarietate hori, lan kontratuen ezegonkortasunaz gain, soldatetan ere ikusi genezake. Gazteen soldata da baxuena alde handiaz. INEren arabera, 14.000 euro da irabazten duten batez bestekoa, hurrengo urte tartea baino 8.000 gutxiago jasotzen dute gazteek. Datuak berak adierazten du zaila dela bizitza autonomo bat izateko aukera kopuru horrekin. Hori gutxi balitz, azken hamarkadako bilakaera aztertuz, soldata %7 murriztu da 25 urte baino gutxiago duten pertsonetan, aldiz, Kontsumo Prezio Indizea %15 igo da. Hau da, bizitza garestitzen den bitartean, gazteen soldata jaisten da, honela eros ahalmena gero eta baxuagoa bihurtuz. Batez besteko soldata hori dela ikusirik, ia ezinezkoa da etxebizitza bat izateko aukera.

 

Etxebizitzari dagokionez, azken urteetako prezioen igoerak eragin du 1.034 euroan kokatzea alokairuaren batez besteko prezioa. Horren ondorioa gazteak etxetik independizatzeko adina 30 urtean kokatzea izan da, Europarekin alderatuz, azken herrialdeetakoa gara berriro ere. Horren aurrean, administrazioek duten jarduteko era aurretik komentatutako berdina izan da, hau da, laguntzetaz hitz egiten da, baina ez da inolaz ere hitz egiten alokairuaren merkatua arautzeaz, adibidez prezio maximo bat ezartzeaz. Hau da, neurri partzialak dira eta ez doaz errora. ELAtik uste dugu arlo honetan hartu beharreko neurriak sakonekoak izan behar direla, zentzu horretan eta beste gauza batzuen artean, alokairuaren prezioa mugatzea beharrezkoa ikusten dugu.

 

Egoera hau, esan bezala, estrukturala da zeharo eta hau aldatzeko lan enplegu programak aurrera eraman badira ere, ondorioak ez dira inola ere positiboak izan. Esan bezala, gazteen egoerari ezin zaio heldu modu partzial batean, gure administrazioek egin duten moduan. Hau da, gure ustez ondo dago gazteei zuzendutako enplegu planak egitea, baina plan horiek egungo lan merkatuaren baitan baldin badaude eta eredu horretan sakontzen badute, ezer gutxitarako balio dute.

 

Azken urteetan egin diren gazte enplegu planak, asko praktiketan oinarrituak izan direnak, hurrengo ezaugarriak dituzte:

  • Behin behineko kontratuak dira, sei hilabete edo asko jota urte bateko iraupenak dituzte.

  • Gehien bat soldata baxuekin, ez direlako aplikatzen sektoreko konbenioak.

  • Kasu gehienetan, ez du ekartzen inolako garapen profesionalik langile gaztearentzat.

  • Administrazioen ikuskaritza falta nabarmena dago, hau da enpresek nahi dutena egiten dute.

  • Horretaz gain, salatu behar da baita ere programa hauek duten eredua zein den. Administrazioek bultzatzen duten eredua kolaborazio publikoa pribatua da. Horrek zera esan nahi du, enpresentzat dohainezkoa den lan indarra, baina guztiok ordaintzen duguna.

 

Ondorio moduan emaitza txarrak bakarrik ikusi ditzazkegu. Horretaz gain, praktiken figura askotan aitzakia moduan jartzen da, esanez hauek amaitutakoan kontratatu egiten dela. Baina datuek hori gezurtatzen dute, SEPEk emandako datuei erreparatuz, 2019 eta 2018 urteetan, praktika kontratuen % 15 eta % 13 soilik bihurtu ziren mugagabeak. Horrela, praktiken erabilpenak ez du ematen enplegua finkatzeko eredu ona denik.

 

Deigarria egiten zaigu legean egiten den irakurketa konpartitzen dugula hein batean, baina praktikara eramandako neurriez ez gatoz bat inolaz ere. Deigarria egiten zaigu baita ere, alderdi batzuek arazoa zein den identifikatu arren, alde azaltzen direla erretiro adina atzeratzeaz, eta horrek suposatzen duen ondorioetaz, aurka azaltzen dira administrazioan lan tenporala finkatzeaz, aurka azaltzen dira lan erreforma indargabetzeaz, baita ere alokairuaren prezioa mugatzeaz eta horrela mila eta mila adibide daude.

 

Konklusio gisa, argi daukagu eredu kapitalista eta administrazioak direla erantzuleak. Gure herrian ezkutuko pobrezia dagoela ezin dezakegu ahaztu, bizitza independiente bat izateko aukera eza duena ondorio. Krisi garaian jaio zen belaunaldia beste krisi batean sartu dena eta etorkizuna beltz ikusten duena azaltzen zaigu oraingoan, neurriak behar dituenak. Aldiz, Gazteriaren lege berriak, gaur arte indarrean egon den paradigman sakontzen du, ezer berririk ekarri gabe.

 

ELAk ez du ukatzen gazteei dagokien lege bat behar dela, baina hauen egoerari osotasunean heldu behar zaio. Beharrezkoa ikusten dugu urte askotan ezarritako erreformetan egin diren lan eskubide murrizketak bertan behera uztea eta negoziazio kolektiboaren balioa berreskuratzea, langileei bermatu behar zaie gure lan hitzarmenak berton negoziatzeko eskubidea. Horretaz gain, pertsona guztiei bizimodu duina izateko gizarte prestazioak bermatu behar zaie, Lanbidearteko Gutxieneko soldata igotzearekin batera. Horiek neurri batzuk dira, baina eredu aldaketa da beharrezkoa dena eta horrek esan nahi du beharrezkoa ikusten dugula kontrol publikoa handitzea. Azken finean, gazteek behar dutena lan duin bat izateko aukera eta bizitzeko tresna egokiak izatean datza, eta administrazioek horretan dute erantzukizuna.