Pobrezia eta desoreka sozialak handitu dira

2019/10/10
Eusko Jaurlaritzak abuztuan 2018ko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkesta (PGEI 2018) argitaratu zuen. Bertan errealitate gordina agertzen da, pobrezia areagotzen ari da, nahiz eta hazkunde ekonomiko bete-beteko garaian egon eta enplegua sortu, desoreka sozialak gero eta handiagoak dira.

Txostena modu nahasian idatzia dago, irakurtasuna eta ulergarritasuna zailduz. Edukia datu eta estadistiketan oinarritzen da, pobrezia eragiten duten arrazoi, ondorio eta emaitzetan erreparatu gabe. ELAren iritziz, zuritutako inkesta bat da pobreziaren benetako egoera ezkutatzeko asmoarekin egin dena.

 

Lau lirateke ondorio naguasiak:

 

- Pobreziaren arriskua, ongizaterik eza, pobrezia larria eta Sen indizea areagotu egin dira:

Pobrezia arriskuak gora egin du %14 2016tik, eta %41,4 2008tik. Ongizate eza ere gora, azken bi urtetan % 22,9 eta %37,4 azken hamarkadan.

Pobrezia larrian 130.965 pertsona ziren 2018an, biztanleen %6,1, 2016an baino %6,9 gehiago eta 2008an baino %48 gehiago.

 

- Gero eta pertsona gehiagok dituzte zailtasunak ohiko eginbeharrei eta gastuei aurre egiteko:

2008tik 2018ra bikoiztu egin dira oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten etxeetan bizi diren pertsonak, 66.241 pertsonetatik 121.659ra.

Alokairuak, kredituak, hipotekak eta fakturak ordaindu ezin dituzten edo atzerapenez ordaintzen dituzten pertsonen kopurua ere gero eta handiagoa da eta neguko hilabeteetan etxea tenperatura egokian edukitzeko arazoak dituzten pertsonen datua oso kezkagarria da, pobrzia energetikoa errelaitate da.

 

- Pobrezia larragotu egin da zenbait kolektibotan:

Seme-alabak dituzten familiak (guraso bakarreko familiak, eta, batez ere, etxean erreferentziazko pertsona emakumea duten familiak), lan egonkorrik ez duten 45 urtetik gorako pertsonak bizi diren etxean, atzerritarrak eta jada langile pobre esaten zaienak dira pobrezia-tasa altuenak dituztenak.

 

Azpimarratzekoa da, jarduera, lanbide eta langabezia-tasaren araberako datuak:

 

100 pobreetatik %15,4, pertsona aktibo guztiak landun egonkorrak diren familietako kidea da; %7,3 etxean lan egonkorren bat duten familietako kidea, eta %16,4 lan egonkorrik ez duten pertsonak dira.

Pobrezia-egoeran dauden 100 pertsonetatik 39 lana duten pertsonen bizikidetza-unitateko kideak dira, 37 pertsona guztiak aktibo izanik ere langabezian dauden familietako kideak, eta gainerako %24, pertsona aktibo bakar bat ere ez duten bizikidetza-unitateko kideak.

 

Inkestak berresten du pobreziak batez ere egoera ahulenean dauden kolektiboei eragiten diela.

 

- Gizarte-prestazioen sistema ez da nahikoa eta ez die erantzuten biztanleen beharrizanei:

Pobrezia-arriskuan dauden pertsonetatik %66,4ri ez diela arreta egokirik ematen prestazio-sistemak, eta horrek berak berresten du sistemaren eskasia. Berriro diogu: zenbatekoak ez dira nahikoa, eta prestazioak eskuratzeko baldintzak murriztaileak dira. Gaur egun sistemak ez die erantzuten biztanleen egiazko beharrizanei.

 

PGEIren datuek agerian uzten dute gizarte-prestazioen gaur egungo sistema ez dela nahikoa: pobrezia-egoeran dauden hiru pertsonatik bakar bat ateratzen da egoera horretatik prestazio horiei esker. Gobernatzen gaituztenek serio hausnartu beharko lukete zer gertatzen ari den, EAJ eta PSEren Lege-proposamena erretiratu beharko lukete eta Karta Sozialaren Herri Ekimen Legegilean jasotako edukiei heldu beharko liekete.