Soldaten inguruko desinformazioa Nafarroan

Izan ere, egoera ona delako irudipena dagoenean, ez da hori aldatzeko borrokarik egiten. Hau da, soldata onak ditugula sinestarazten badigute, ez dugu soldata igoerarik borrokatuko.
Horregatik da garrantzitsua soldaten inguruko estatistika ofizialak izatea, errealitatea erakusten dutenak, baina ez dira egiten. Eta soldaten inguruko estatistika ofizialak ez argitaratzea erabaki politikoa da, datuak izan badituztelako Nafarroako Gobernuan (eta gainontzekoetan), Ogasunetik hartu besterik ez dago.
Zentzu honetan, azken egunetan Nafarroako bataz-besteko soldata inoizko handiena dela esaten zuen berri bat atera da, 1.824 eurokoa hain zuzen. Informazio hauen asmoa ikusteko aldi baterako laneko enpresa batek eginiko txosten batetik ateratakoa dela begiratzea besterik ez dago.
Horrelako informazioek soldatek ekonomiarekiko azken urteetan izan duten galera ezkutatzen dute. Izan ere, Nafarroan azken 10 urteetan soldatek BPGarekiko 4,1 puntu galdu dituzte. Hau da, 2008an ekonomia guztiaren %46a soldatak ordaintzera bideratzen zen, eta 2018an %41,9a.
Honetaz gain, soldaten eros ahalmenaren galeraz ez da ezer esaten. Adibide bezala, Nafarroan etxebizitzen alokairua %25 igo da 2013az geroztik, eta KPIaren igoera %12,7koa izan da azken hamarkadan, soldata gehienen igoera %8,8koa izan de bitartean.
Gainera, bataz-besteko datuek ez dute gero eta desberdintasun handiagoak dituen gizarte bateko errealitatea erakusteko balio. Izan ere, urtean 100.000 euro irabazten dituen nagusiaren eta 10.000 euro irabazten dituen langilearen arteko bataz-bestekoa 55.000 eurokoa da, eta datu horrek ez du erakusten bataren eta bestearen errealitatea.
Izan ere, soldata arrakalak gero eta handiagoak dira: emakumeek gizonezkoek baino 7.400 euro gutxiago irabazten dituzte urtean, behin-betiko kontratua dutenek aldi-baterako kontratua dutenek baino 10.900 euro gehiago irabazten dituzte, eta atzerriko nazionalitatea dutenek 8.500 euro gutxiago irabazten dituzte.
Errealitatearen adierazgarriak ez diren datuak emateak xede garbia du, errealitatea apaintzea. Gure aldetik argi dugu langileon egoera zein den argi azaltzea oso garrantzitsua da lan eta bizi baldintzak hobetzeko.