Etxez etxeko langileen greba Bizkaian

2018/11/22
Erabateko arrakasta izan du Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuan azarorako deitutako lau grebetako lehenak. ELA, LAB, UGT eta USOk deitutako greba egunak agerian utzi du kalean enpresen eta erakundeen inplikazio eza lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Langileen oharra:

Etxez etxeko langileok Bilboko udaletxetik Foru Aldundiaren Jauregiraino manifestazioa egin dugu gure egoera salatzeko eta gurea berreskuratzeko momentua dela aldarrikatzeko. Izan ere, 3 urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta zerbitzuak eta lan-baldintzak okertuz joan dira denbora tarte honetan: orduak galdu ditugu, lanaldiak malgutu, eroste ahalmena galdu, etab. Laburbilduz, orain dela urte batzuk baino okerrago gaude.

Inmobilismoan hiltzatuta dagoen patronal honen aurrean eta beste aldera begiratzen duten erakundeen aurrean, sektoreko langileok greban gaude bizi dugun egoera prekarioa aldatzeko asmoz. Erakundeek publikoki adierazten dute Bizkaiko Ogasuna diru-bilketa historikoa egiten ari dela. Gure arduradun politikoei entzuten diegu soldata arrakalarekin bukatu beharra dagoela, berdintasunean aurrerapausuak eman, etab. Eta ezin dugu ahaztu Bizkaiak aintzindari izan nahi duela mendekotasuna duten pertsonen zaintzan. Horren adibide da orain dela gutxi Ahaldun Nagusiak aurkeztutako Nagusi Intelligence Center proiektua, “mundu mailako erreferentzia” bilakatu nahi dena zahartzaroari dagokionez.

Etxez Etxeko Zerbitzuan langile ia guztiak emakumeak gara, menpeko pertsonen zaintzara dedikatzen gara (sozialki emakumeoi esleitutako eremua) eta milaka bizkaitarrentzat ezinbestekoa den zerbitzua eskaintzen dugu. Testuinguru honetan geure buruari behin eta berriz galdetzen diogu ez ote dugun merezi errespetua eta duintasuna lanean. Akaso itxurakeria hutsa da erakundeena? Edo akaso eskatzen dugun hori zentzugabea, eskuraezina edo ez bidezkoa da? Hauek gure aldarrikapenak:

  • KPIrekin loturiko soldata-igoerak, azken urteotan galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko.

  • Hitzarmena benetan aplikatuko dela bermatzen duten klausulak, aurrera-eragina, malgutasunik eza, mugikortasun geografiko eta funtzionalik eza.

  • 18. artikulua kentzea (enpresei euren beharren arabera lanaldia malgutzeko aukera ematen die urte osoan zehar).

  • Lanbide-gaixotasunak eta in itinere istripuak %100ean. Egun at gelditzen dira hainbat lan gaixotasun geure sektorean oso ohikoak direnak, hala nola lunbalgiak, in itinere istripuak, estresa edo lan nekea.

  • Lan egindako ordu guztiengatik kotizatzea ondorio guztietarako. Izan ere, langile askok lanaldi partzialak ditugu eta sarritan ordu osagarriekin osatuak izaten dira, ondorio guztietarako kotizatzen ez dutenak.

  • Antzinatasunaren araberako lan-poltsa bat arautzea. Irizpide objektiboak ezartzeko eta behin-behineko langileek ziurtasuna izan dezaten euren lan etorkizunari begira.

  • Hobekuntzak lan eta segurtasunean, garrantzitsua den zerbitzua eskaintzen ari garela kontuan hartuta, exijentzia fisiko eta emozional handikoa.