Aita Menniko langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, zazpigarren greba egunean

2021/11/02
ELAk hiru greba egun deitu ditu –azaroak 2, 3 eta 4– Arrasateko Aita Menni ospitalean. Egun horiek kontuan hartuta, guztira hamar izango dira langileek gatazka konpontzeko egingo dituzten greba egunak. Langileek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari langileekin bildu eta gatazkaren konponbidean esku har zezan eskatu nahi izan diete.

Osakidetzak osasun mentalaren alorrean EAEn eskaintzen duen zerbitzu bakanetakoa da Aita Mennikoa (Arrasateko ospitaleaz gain, psikiatria, kalte zerebrala eta adinekoen esparruko beste hogeita hamar zentro inguru kudeatzen ditu EAEn). Foru Aldundiek zein Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak itundutako zerbitzua da, eta, beraz, administrazioek ere badute zeresana gatazka honetan. Hala, gaur Gasteizen eginiko elkarretaratzearekin Osasun Sailari biltzeko eskaera luzatu diote langileek, ospitaleko plantillaren zein pazienteen berri eman eta gatazkaren konponbidean esku hartu dezan.

Bestalde, enpresaren zuzendaritzak negoziazioan izaten ari den pasibotasuna irmoki salatu nahi du ELAk. Langileen ordezkariek uztailaren amaieran bidali zioten zuzendaritzari negoziazioan urratsak egin ahal izateko beste proposamen bat, baina ia urtearen amaierara iritsi arren, enpresa batzordeak ez du inolako erantzunik jaso.

Halaber, greba egunetan enpresaren jarrera guztiz gaitzetsi nahi du ELAk, greba egunak boikoteatu eta enpresa batzordeari errua botatzen baitie pazienteek grebatan sufritzen dutenaren inguruan. Zerbitzu minimoak, ordea, Jaurlaritzak erabakita, handiegiak dira. Argi geratu da enpresaren helburu bakarra azken greba egunak zapuztu eta langileen aurkako presioa egitea besterik ez dela.

Eskariak eta mobilizazioak

Langileek lau urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta euren aldarrikapenen artean daude lanaldien jaitsiera, langileen rotazioarekin amaitzeko eta kontratazioa arautzeko neurriak, lan osasunari dagokion neurriak, hobekuntza ekonomikoak eta prekarietatea ezabatzeko neurriak.

Bihar eta etziko greba egunetan ere mobilizazioak egingo dira. Azaroaren 3an kanpaldia egingo dute ospitale aurrean 11:00etan hasita. Azaroaren 4an, aldiz, manifestazioa egingo dute 11.30ean Arrasateko plazatik abiatuta.