Aita Menniko langileen grebak jarraipen zabala izan du

2021/10/13
Dagoeneko sei dira orain arte langileek eginiko greba egunak. Langileek oinezko martxa bat burutu dute Aita Menniko grebalariek enpresak Arrasaten kokatua duen eguneko zentrotik, ospitalea arte.

ELAk salatu nahi du oraingoan ere, Eusko Jaularitzak ezarritako zerbitzu minimoak oso altuak izan direla eta langileen greba eskubidea guztiz urratu dela. Ospitalean unitate bakoitzetik pertsona bakarrak du aukera greba egiteko eta enpresak kanpoan dituen eguneko zentro eta errehabilitazio psikosozialerako zentroetan, langileen greba eskubidea guztiz urratzen da, zerbitzu minimoak %100ean ezarri direlako. Kanpoko zentroetako langileak langile batzordearekin harremanetan jarri dira euren babesa adieraziz. Zerbitzu minimoak oztopo izan arren, balore handia eman nahi dio ELAk gaurko mobilizazioan langileek erakutsitako parte hartzeagatik. 3 kilometroko ibilbidea egin dute, musika eta oihuekin, eta horren ostean elkarretaratzea egin dute ospitale aurrean, txalo zaparrada artean. Argi geratu da enpresaren jarrera pasiboak langileak hasarrerazi besterik ez dituela egin eta Aita Menniko profesionalek ez dutela amore emango euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortu arte.

ELAtik gogorarazi nahi du langile batzordeak duela bi hilabete baino gehiago bidali ziola enpresaren zuzendaritzari negoziatzeko proposamen berri bat, baina ez duela inolako erantzunik jaso oraindik ere. Egunak pasa ahala argiago gelditzen da enpresa honek ez duela inolako borondaterik gatazkaren konponbidea topatzeko.

Urriaren 14an beste greba egun bat deituta dago eta Aita Menniko langileak kanpaldia egingo dute ospitale aurrean 11:00etatik hasita. Azaroaren 2, 3 eta 4rako ere deituta daude greba egunak.

ELAk beti izango du enpresarekin negoziatu eta gatazkari konponbidea emateko borondatea, baina enpresari beste behin eskatu nahi diogu benetako edukiak mahai gainean jar ditzan langileen eta pazienteen ongizatea bermatu ahal izateko.