Arcelor Mittalen desindustrializazioaren aurrean, inplikazioa exijitzen diote Eusko Jaurlaritzari

ELA eta LABen Agiria:
Arcelor Mittaleko lantoki guztietan inbertsio zein kontratazio eza orokorra da. Azpikontratazioa eta prekarietatea, aldiz, gero eta handiagoa da. Egunotan, multinazionalak Bergarako lantokian 41 langileak kaleratzeko EEEa aurkeztu berri du. Egoera bera iraganean ere jasan zuten Sestao eta Zumarragako langileek. Etorkizunean edozein lantokiak jasan dezake. Ez dugu antzematen multinazionala ezer egiten ari den Euskal Herriko lantokien alde. Bien bitartean, aurten multinazionalak 3 mila milioi euroko etekinak izan dituela iragarri du, iaz baino %156 gehiago.
Eta, hau guztia, Eusko Jaurlaritzaren isiltasun eta konplizitatearekin egin du. Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin. Noiz arte jarraituko du isilik Arantxa Tapia garapen sailburuak? Zer gehiago gertatu behar den Eusko Jaurlaritzak erreakzionatzeko? Eusko Jaurlaritzak ez badu esku hartzen, langileek jasoko dutenaren erantzule ere izango da. Gure iritziz, Eusko Jaurlaritzaren isiltasun honek agerian uzten ditu bere menpekotasuna multinazionalekiko eta benetako industria politikarik eza. Ez dugu antzematen Eusko Jaurlaritzarentzat altzairuaren sektorea babestu eta bultzatu beharreko sektore estrategikoa denik. Eusko Jaurlaritza inplikatu orain!