Arrasateko etxez etxeko zerbitzuko langileak greban

Arrasateko etxez etxeko langileek greba mugagabea hasi dute gaur, ekainaren 19. UTE CLECE enpresarekin kontratua duten 26 emakumeek lan baldintzak hobetzeko helburuarekin hasi dute lan uztea.
UTE CLECEk, Arrasateko Etxez Etxeko Laguntzako Zerbitzua eskaintzen du, bai Udal Zerbitzuek subentzionatutakoak, baina baita gainontzekoak ere (ordu pribatuak deiturikoak). Horrela, enpresek, eta askotan erabiltzaile berdinarentzako lan egin arren, hitzarmen desberdinen arabera arautzen dituzte langileen lan baldintzak. Prekarietatea sufritzen duten langileen helburua da egoera aldrebes horri amaiera eman, eta lan baldintza guztiak arautuko dituen hitzarmena sinatzea.
Azken negoziazioak apirilean hasi zituzten, baina Arrasateko etxez etxeko langileak aspalditik dabiltza beraien lan baldintzak duintzeko borrokan. Izugarrizko lana egin arren (zaintza lanak, garbitasunak baina baita, afektibitatea, segurtasuna, laguntasuna...), sektore feminizatua izanik baldintza prekarioak dituztela diote.
Zerbitzu soziala denez gero, Arrasateko Udalak bere ardura hartu dezan ere eskatzen dute; are gehiago zerbitzuaren zati bat uztailean lehiaketara aterako dutenean. Langileek diote aukera ona izango dutela negoziatu eta baldintzak hobetzeko, horretarako borondaterik izanez gero.
Zeintzuk dira egoera konponduko luketen edukiak?
- Ordu publikoak eta pribatuak berdin ordaintzea. Lan berbera eginda, berdin kobratzea. Arrasatear guztiontzat eskaintzen duten zerbitzua da. Ezin daitezke bata eta bestea desberdindu.
- Gaixotasunak izateagatik penalizaziorik ez jasotzea. Gaixotasun arruntagatik soldataren % 100a ordaintzea, eta ez orain arte bezala: lehenengo hiru egunak 0€; 4-20 egun bitartean %60; 21.egunetik aurrera %75.
Langileen esanetan, CLECEk ez du horretaz guztiaz hitz egin nahi ere. Udalak eskaintzen dizkion tarifak erabiliz ordu batzuetan soldata hobetzea da bere azken eskaintza, ez besterik. Bitartean, behar handiena duten herritarren kontura negozio borobila jarri du martxan. Udalak, aldiz, beste alde batera begiratzen duela kontu honetan guztian salatu dute grebalariek.
UTE CLECE ZAINTZEN enpresako langileak,
Arrasaten 2018ko ekainaren 19an