Arrasateko osasun-zentroko eta kanpoko kontsultetako tenperaturak jasanezianak dira

2019/07/15
Arrasateko Osasun Zentroko eta Kanpoko Kontsultetako langileek eta gaixoek urteak daramatzate sekulako beroa pairatzen, hainbat osasun arazo izan dituztelarik honegatik. Egoera hori izanda, Osakidetzak, bere langile eta gaixoen osasunez arduratu beharrean, bere ahaleginak bideratzen ditu kalitate ziurtagiriak lortzera. Langileek elkarretaratzea egin dute ELAk deituta egoera salatzeko.

Arazo horren eraginpeko langileek egin dituzten kexa ugariez gain, ELAk prebentzio-arloko kontsulta bat aurkeztu zuen 2017an; oraindik ez du erantzunik jaso. Egoera honen aurrean, 2018an salaketa bat aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan.

Salaketaren ondorioz Ikuskaritzak errekerimendu bat igorri zion Deba Goieneko ESIko Zuzendaritzari, arazo hori konpondu zezan, ikuskapena egin ondoren, Ikuskaritzak gertaerak egiaztatu baitzituen: beroa legez ezarritako mailatik gorakoa da.

Egoera larria izan arren Osakidetzak ez du ezer egin arazoa konpontzeko. Langile batzuk ospitale zaharreko eraikineko kontsulta berrietara mugitu dituzte baina eraikin honek Arrasateko Osasun Zentroak dituen arazo berdinak edo are larriagoak ditu. Osakidetzak aurreikusi du langile gehiago mugitzea eraikin honetara, baina ez dago aurreikusita aire girotua instalatzea. Bero egun batean kardiologiako kontsultan egondako edozein gaixok azaldu dezake arazoa larria dela, are gehiago, 30ºCrekin esfortzu aproba bat egin behar izan badu gaixoak.

Hori dela-eta, ELAk argi dauka tinko eskatu behar zaiola ESIari berehalako eta behin-betiko neurriak hartzea, arazo horrek eragin zuzena baitu bertako langileen osasunean, eta baita zerbitzu horretara doazen gaixoen osasunean ere.

Beste osasun-zentro batzuetan ere arazo berberak daude, eta prebentzio-zerbitzuari gorabehera-orriak bidali zaizkio arazoaren berri emateko, baina Zuzendaritzak horrelako eskariei entzungor egiten die.

ESIko zuzendaritzako kideek aire girotua daukaten bulegoetan lan egiten duen bitartean, langileek eta gaixoek etengabe pairatzen dituzte 30ºC baino gehiagoko tenperaturak, arduradunek inolako konponbiderik planteatu gabe.