Etxez Etxeko Zerbitzua

Bost greba egun Eskoriatzan, urriaren 2tik aurrera

2023/09/27
ELAk bost eguneko greba deitu du Eskoriatzako (Gipuzkoa) Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, berez publikoa izan beharko lukeen baina udalak azpikontratatuta duen zerbitzuan. Gaur egun, eta ELAk udalari eta enpresari (Gizadik kudeatzen du zerbitzua) behin eta berriz eskatu arren, 16 langileek, denak emakumeak, ez dute beren lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiborik. Gainera, ez da aurrerapausorik eman enpresarekin izandako negoziazioetan. 8,17 euroko oinarrizko soldata dute orduko, eta inor ez da lanaldiaren % 100era iristen. Sindikatuak dio hitzarmenik ez izatea bereziki kezkagarria dela udalak zerbitzua lehiaketara atera nahi duelako, eta horrek prekaritatea iraunaraz dezakeelako. Izan ere, datorren asteko osoko bilkuran zerbitzuaren baldintza ekonomiko eta teknikoak zehaztuko dituzten pleguak onartuko dira. "Hala gertatuko balitz eta hitzarmena sinatuta ez balego, langileak egoera prekarioan geratuko lirateke urteetan", ohartarazi du ELAk.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatu dio Eskoriatzako Udalari:

  • Lizitazio data atzeratzea, langileek eta enpresak negoziatzeko denbora gehiago izan dezaten.
  • Udalak azpikontratatutako zerbitzua denez, hark langileen eskaerak kontuan hartzea eta aurkeztutako lan baldintzak aplikatuko direla bermatzea.
  • Egoera konpontzen ez bada, ELAk mobilizazioak indartuko ditu Eskoriatzako langileek lan baldintzak hobetu arte.