Eibarko Udalak azpikontratatutako garbitzaileek soldata-arrakala ezabatzea eskatu dute

Eibarko udal-eraikinak garbitzeko zerbitzua Eibarko Udalak azpikontratatutako zerbitzua da, eta hainbat enpresa pribatuk gauzatu dute denboran zehar. Azken kontratazioaren epea laster amaituko denez, udalak abuztuaren amaieran jarri zuen martxan zerbitzu hori kontratatzeko beste lizitazio-prozesu bat. Argitaratutako baldintza-agirietan, zenbait akatsez gain, zenbait zerbitzutan murrizketak egin direla ikusten da. Gauzak horrela, langileen legezko ordezkaritzak, ELAko 3 ordezkarik osatuak, bilera bat eskatu zuen udaleko arduradunekin, plantilla osoaren baldintzei eustea bermatuko zuen irtenbide bat bilatzeko. Bilera hartan udalak ez zuen konpromisorik hartu.
Bestalde, 2020an egin zen aurreko lizitazio-prozesuari begira, ELAk ekarpen batzuk egin zituen kontratazio-pleguetan sar zitezen; besteak beste, kolektibo hori kale-garbiketako sektore maskulinizatutik bereizten duen soldata-arrakala kentzea -urtean 1.200 euro inguru kobratzen baititu (kalean lan egiteagatik nekagarritasun-plusa kendu ondoren)-. Egindako ekarpenei ez zitzaien erantzun, ez aurreko kontratazio-prozesuan, ezta gaur egun ere.