Eibarko Udalak Sarek aurkeztutako mozioa onartu du

Idatzian jasotzen den bezala, PSOEk agintea duen Eibarko Udala ez dator bat Espetxeen Lege Orokorrean jasotako urruntze espetxe politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren aurrean, Udalak uste du espetxe-politika berria behar dela, hain zuzen ere, presoek zigorra gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihestuko duen politika.
Eibarren ETArekin zerikusia izanagatik kondenatutako preso bakarra dago: Ibon Muñoa Arizmendiarrieta. Egun, Kordobako espetxean dago, herritik 800 kilometrotara.
Eibarko Udalak hartutako erabakia, joan den apirilaren 18an Arabako Batzar Nagusiek onartutako mozioaren ondorengoa da; aurretik Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere gauza bera egin zuten, baita EAEko sindikatu guztiek ere.