ELAk Arrasateko Aita Menni ospitaleko eta EAE mailan dituen zentroetako langileak grebara deitu ditu otsailaren 7tik 11ra

Beharginak jasaten ari diren presioa eta prekarietatea gero eta nabarmenagoa da. ELAk betidanik esan izan du erabiltzaile eta pazienteen zaintza arreta bermatu ahal izateko lan baldintza duinak izatea ezinbestekoa dela. Egiturazko arazo hori agerian utzi du pandemiak, izan ere gero eta karga fisiko eta emozional handiagoa dute langileek eta enpresak, ez du borondaterik arazo guzti horiei erantzuteko.
Positiboen agerraldi bakoitzaren ondorioz, bestalde, langile falta handia egon da eta zuzendaritzak langileei egindako presioa oso nabarmena izan da (ordutegi-malgutasun handiagoa izaten dute langileek, euren opor-egunetan edo jaiegunetan lan egitera joatera behartzen dituzte, funtzio eta zeregin gehiago egin behar izaten dute, eta abar). Gainera, langile-falta hori egiturazkoa izango dela eta minimoetan lan egin beharko dugula esaten diete. Osakidetzak ezarritako protokoloak ere ez dira bete sarri askotan (sektorizazioa, adibidez), badira beren lanpostuetara proba diagnostikorik egin gabe joan diren lankideak…
Halaber, hitzarmena negoziatzeko izandako azken bileran, enpresak aurreko bileretan egindako proposamenak okertu zituen eta azarotik ez du inolako borondaterik agertu langile batzordearekin eseri eta lan baldintzei buruz negoziatzeko. Enpresak dio ez dagoela dirurik lan baldintza eta zaintzan inbertitzeko, baina bitartean hogei milioi euro inbertitu dituzte eraikinetan.
Bestalde, langileek azkeneko hiru urte hauetan egindako mobilizazio dinamikei balore handia eman nahi dio ELAk eta instituzio publikoei eta enpresari interpelatzen jarraituko duela adierazi nahi du. Atzo bertan, Arrasateko Udaleko Osoko bilkuran mozio bat aurkeztu zuen ELAk eta beharginek hitza hartu zuten Udal Gobernuari euren lan gatazkan esku hartzeko eskatuz.
Beste behin ere ELAk enpresari negoziatzeko borondatea agertu nahi dio eta greba dinamikekin jarraituko dute langileek, langileen lan baldintzak benetan hobetuko dituen hitzarmena lortu arte.