BATUAK (OÑATI)

ELAk begi onez hartu du enpresaren salmenta, enplegua eta lan baldintzak bermatzen direlako

2023/11/09
Oñatiko Batuak enpresa (18 langile) uztailean itxi zuten; langileek une horretan jakin zuten hartzekodunen konkurtsoa eta enpresaren likidazioa eskatuta zeudela. Hala ere, ELAren borrokari esker lortu du proiektuak aurrera egitea

ELAk hasieratik esan zuen enpresa erabat bideragarria zela eta likidazioaren erabakia bazkideen interesen ondorioz baino ez zela hartu. Tarte horretan, sindikatuak enpresen dokumentazioa aztertu du, ekoizpen unitateko balizko erosleekin bildu da, eta enplegua eta lan baldintzak mantentzearen alde borrokatu du.

Iragan astean Merkataritza Arloko Epaitegiak ekoizpen-unitatea Batuak Soldatua S.L.ri saltzeko baimena eman zuen, eta plantilla osoaren lanpostuak eta lan baldintzak bermatzen ditu. ELAk ohartarazi du borrokan jarraituko duela, interes espekulatiboen aurrean, lanpostuak defendatzeko, Batuak-en egin duen bezala.