Elgoibarko Herri Antzokia

ELAk greba deitu du apirilaren 11tik 24ra

2024/04/11
ELAk greba deitu du Elgoibarko Herriko Antzokian, 2016tik Aisilan XXI enpresak kudeatzen duena, apirilaren 11tik 24ra, enpresak ez duelako bete nahi 2023an sinatutako hitzarmena. Zornotzako enpresa bat da, erakunde eta elkarteentzako kultur proiektuen kudeaketan espezializatua, eta 6 langile ditu Elgoibarren.

2023an, bizi zuten prekaritate egoera salatzeko amsoz, Aisilanekin eta Udalarekin negoziazio prozesu bat abiatu zuten langileek eta grebara deitu zuten ELAren babesarekin. Hauek ziren bere aldarrikapen nagusiak: erosahalmena berreskuratzea -2016tik ez zuten soldata igoerarik izan-; gaueko plusa eta jaiegun plusa; antzinatasuna aitortzea; bajetako osagarriak; ahal den neurrian partzialtasunarekin amaitzea; eta plantillaren subrogazioa.

Negoziazioaren ondoren, Aisilanek hitzarmen hori sinatu zuen. 2024ko urtarrilaren 1ean sartu behar zen indarrean. Hala ere, aplikatzeko unea iristean, enpresak iragarri du ez dagoela horretarako prest.

Horregatik guztiagatik, Aisilan eta Udalarekin bildu ondoren, ELAk 15 greba eta mobilizazio egun deitu ditu. Apirilaren 12an, ostirala, elkarretaratzea egingo da 19:00etan, udaletxearen aurrean, enpresaren eta udalaren utzikeria salatzeko.