ELAk grebara deitu ditu Arrasateko Aita Menni ospitaleko 500 langile martxoaren 24an eta apirilaren 15ean

ELAk greba-egun berriak deitu ditu Aita Menni Ospitalean, Arrasaten, martxoaren 24rako eta apirilaren 15erako, langileek pairatzen dituzten arazoak (hala nola langile falta eta lan-kargak handitzea) aldatuko dituen hitzarmen baten alde. Enpresak erantzukizunik eta konpromisorik hartu gabe jarraitzen duela salatu du, eta atzera egin du bere proposamenetan. Besteak beste, norbera babesteko ekipamenduen kostua langileen bizkar gainean utzi nahi nahi du, eta, horretarako, soldatak izoztu nahi ditu. Gainera, enpresak mahai negoziatzailean adierazi duenez, eskertu beharko lukete ABEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente) bat agindu ez izana, nahiz eta zerbitzu batzuk itxi behar izan diren. "Deigarria da hori esatea itxi diren zentroetako langileak ospitalean lanean egon direnean, langile falta zegoelako", azpimarratu dute langileek.
Aita Mennin, adibidez, neurorehabilitazioaren, garuneko kaltearen, laguntza medikoaren, psikologiaren, psikiatriaren eta etxez etxeko laguntzaren alorretan ematen dira zerbitzuak. Hala ere, urtetik urtera pazienteen asistentzia-kalitateak okerrera egiten duela ziurtatu dute.