ELAk hitzarmena lortu du eta langileek %33ko soldata igoera izango dute
ELAk eta Mutrikuko Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzua kudeatzen duen Bizitzen enpresak lehen hitzarmena sinatu dute. Horri esker, langileek soldata altuagoak jasoko dituzte eta lan ordu gutxiago izango dituzte. Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan sinatu da akordioa, uztailaren 29an.
Mutrikuko udalak esleitutako Etxez-Etxeko Zerbitzuan 14 langilek dihardute, gehienak emakumeak. Herriko nagusi zein menpekotasuna duten pertsonei laguntzen diete, bizitzeko beharrezkoak dituzten zaintza, etxeko martxa eta bestelakoetan lagunduz. Batzuen kasuan, egunean duten harreman bakarra izaten dute langileekin.
Hitzarmenak jasotzen ditu, besteak beste, %33ko solda igoerak, 148 orduko jardunaldi murrizketa, edota IT-en osagarrietan hobekuntzak.
Azken hamarkada honetan, ELA lortzen ari da pribatizatutako sektore honetan langileen baldintzak hobetzea tokian tokiko hitzarmenen bitartez. Mutrikun ere prekarioak diren langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen akordio hau zaintza lanak eta langileen aitortzan pausu garrantzitsu bat bezala baloratu du sindikatuak. Hala ere, ibilbidea ez da hemen bukatzen; ELAk zerbitzua publifikatzeko borrokan jarraituko du.