ELAk Legebiltzarrean salatu du pribatizazioaren ondorioz Arrasateko Aita Menni ospitaleko baldintzak penagarriak direla

2022/11/08
Gipuzkoako osasun mentala pribatizatuta eta negozio iturri dela salatu zuen ELAk Legebiltzarrean, atzo, azaroak 7, Osasun Batzordean Arrasateko Aita Menni ospitaleko ordezkariak egindako agerraldian. Ospitale hori baita eredu horren adibiderik garbiena: %83n diru publikoz finantzatutako ospitalea da, bertan buruko gaixotasunak dituztenak artatzen dituzte, egonaldi ertain edo luzeekin, eta EAEko arlo horretako egoitzarik handiena da. Aita Menni Hermanas Hospitalarias talde pribatuaren esku dago, ordea.

Enpresa horrek irabazi mardulak izangatik ere, langileen baldintzak okertu besterik ez dira egin azken urteotan. Langileek 2017tik dute hitzarmena itxi gabe eta 43 greba egun eta hainbat eta hainbat mobilizazio egin dituzte erosahalmena berreskuratzeko eta lan baldintzak lortzeko. Izan ere, zerbitzua nabarmen okertu da. Esaterako, gaueko langileek ezin dituzte egokitutako unitateak zaindu, lankideei laguntzeko beste unitateetara joan behar izaten baitute. Gaueko txandetan dagoen lan kargen ondorioz, bestetik, mendekotasun handiko paziente batzuk 06:45ean altxatzen dituzte, eta hiru orduz eserita bakarrik utzi. Gainera, asteburuetako arratsaldeetan, erizain bakar batek hiru unitate atenditu behar ditu, eta gizarte langile lanetan ere aritu behar izaten da, besteak beste.

Zerrenda luzeagoa da, zoritxarrez. Horiek salatu ditu ELAk Aita Menniko arduradunaren ahotik Legebiltzarrean. Era berean, sindikatuak alderdi eta erakundeei eskatu die lan baldintzak hobetzea eta diru sarreretan oinarritutako kudeaketa alboratzea, zerbitzua publifikatzeko eta kalitatea handitzeko.