AYUNTAMIENTO DE EIBAR
ELAk udalari eskatu dio neurriak har ditzala azpikontratatutako garbikuntzako langile guztien egoera parekatzeko

Eibarko udal instalazioak garbitzen dituzten azpikontratatutako langileak egoera larrian daudela salatu nahi du ELAk. Langileek lan baldintza ezberdinak baitituzte eta horietako batzuei estatu hitzarmena aplikatu nahi die azpikontratatutako enpresak, baldintza negargarriekin.
ELA 2022. urteaz geroztik ari da lanean langile horien lan baldintzak hobetzeko eta Udalekoekin ekiparatzeko. Izan ere, langileak hiru multzotan daude bereizita eta bi enpresek kudeatzen dituzte.
Alde batetik, Impacto S.L. enpresako 34 langileak daude. Horiei Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbikuntzaren Hitzarmena aplikatzen zaien arren, Udalitzeko soldaten bosgarren mailarekin parekatzen zaie jornala. Horrek hobekuntza txiki bat dakar, baina ez da nahikoa, sindikatuaren ustez.
Bestetik, Bedu Avata, S.L. enpresa da Astelena pilotalekua eta Unbe, Orbea eta Ipurua kiroldegien garbikuntza zerbitzuaren arduraduna. Enpresa horretan lan egiten duten 16 langileen artean bi errealitate bereizten dira: Ipurua eta Astelenako langileei Gipuzkoako Eraikinen eta Lokalen Garbikuntzaren hitzarmena aplikatzen zaie. Unbe eta Orbeakoeei, aldiz, Gureak enpresakoa (lehen enpresa horrek kudeatzen zuen zerbitzu hori). Horrek esan nahi du Gureak Garbitasuna hitzarmena mesedegarriagoa zitzaiela, langile horien behar bereziak onartzen zituelako eta lan baldintza duinagoak zituztelako.
Bedu Avata enpresak, ordea, banan-banan eta negoziazio kolektiborik gabe, kontratu berritze bat sinarazi die Unbeko eta Orbeako langileei, eta Desgaitasuna duten Pertsonen Arretarako Zentro eta Zerbitzuen Estatuko Hitzarmena aplikatzea erabaki du, horrek dakarren guztiarekin: lan jarduna handitzea, oporrak gutxitzea eta aldi baterako ezintasuneko baldintzak okertzea, adibidez. Langileen egoera zahurgarriaz baliatu dira hitzarmen askoz prekarioagoa ezartzeko.
ELAk egoera onartezina dela salatu nahi du. Sindikatuaren helburua beti izan da udal garbikuntzako azpikontratatutako langile guztien baldintzak bi enpresetan negoziazio kolektiboaren bitartez ekiparatzea. Eibarko Udalarekin bildu da ELA, egoeraren berri eman eta premiazko neurriak eskatzeko. Zerbitzuaren ardura duen erakundea den aldetik, ezin du beste aldera begiratu. Baldintza duinak eta berdintasunezkoak bermatu behar ditu udaleko instalazioetan zerbitzuak ematen dituzten langile guztientzat.