ArcelorMittal Bergaran lan-karga handitzeak enplegua eta industria-proiektua sendotzea ekarri beharko luke

2021/05/19
Euskal Herriko industrian oro har, eta Arcelor Mittalen zehazki, lan-karga oso handia izango da datozen hilabeteetan. Iragarritako susperraldia sendotzen ari da. Gauzak horrela, ELAk uste du ezinbestekoa dela euskal industria indartuta ateratzea. Sindikatuak gogorarazi duenez, langile klasearen zergekin ABEEak finantzatzen ari dira. Gainera, irits daitezkeen Europako funtsak behar bezala erabili beharko lirateke industria-ehuna berritzeko eta garatzeko, eta ezin dira gizarte-estaldurak okerragotzearen mende egon.

Azken urteak bereziki gogorrak izan dira Bergarako lantegiarentzat. Plantillaren murrizketa etengabea izan da. Duela hamarkada batzuetako ehunka langileetatik, ehun inguru baino ez dira egun, eta langileen batez besteko adina berrogeita hamarretik gorakoa da, azken urteotan ez baita ia kontrataziorik egin. Enpresak ekoizpen-mailei aurre egiteko egin duen apustua azpikontratazioaren hedapen puntuala izan da, kontrataziorik egin gabe.

Fabrikako azken inbertsioa oso aspaldikoa da, eta enpresak langileen ahaleginari bakarrik eusten dio. Egoera horren aurrean, ELAk premiaz aldarrikatzen ditu honako neurri hauek:

  • Premiazko inbertsioak eta fabrikaren etorkizuna bermatuko duen industria-plana.
  • Plantilla berriztea, zuzenean kontratatuz eta txanda-kontratuaren bidez ordezkatuz erretiro partziala hartzen duten pertsonak.
  • Erakundeen inplikazioa eskatzen dugu Arcelor Mittalek Euskal Herria desindustrializatzeari utz diezaion. Azken urteotan, hainbat lantoki itxi dituzte (Zarra, Agurain, Zumarraga), eta enplegu galera etengabea izaten ari da.