Ermuko Abeletxe egoitzan hiru greba egun deitu dituzte: otsailak 24 eta martxoak 10 eta 24

Enpresaren jarrera agerian geratu da negoziazioarekin: Vitalitasek ez du borondaterik adierazi oinarrizko gai batzuk konpontzeko, esaterako, langileak lehen baja egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratuak egitea, enpleguaren hobekuntza, edota ratioaren jaitsiera, karteldegia, oporraldietarako irizpideak, prestakuntza… beti ere alde bakarreko erabakiak hartuz. Pandemia garaian funtsezko behargin zirenak orain etekinak lortzeko eragozpen bihurtu dira, nonbait. Abeletxen erabateko prekaritatea pairatzen ari dira langileak, eta estresak lehertu beharrean daude. Gehiegizko lan kargak eragiten dituen ondorio fisiko eta psikologikoak langileen eta egoiliarren osasuna ari da okertzen.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak propaganda instituzionala egiten jarraitzen du, baina gaurko errealitatea da kaleratzeek, zerbitzuen pribatizazioak, langile eskasiak eta lanaldi partzialeko kontratuek adinekoei ematen zaien arretari kalte egiten diotela eta egundoko lan karga ezartzen diela beharginei.
Horrenbestez, eredua benetan alda dadila galdatzeko eta pertsonak negozioaren gainetik koka daitezela aldarrikatzeko, Vitalitas Abeletxe egoitzako langileek otsailaren 24an lehen greba egingo dute; honek jarraipena izango du martxoaren 10 eta 24an.