EGOGAIN ZAHAR ETXEA (EIBAR)
Gipuzkoako Aldundiak kudeatutako Eibarko Egogain zahar etxeak sei langile kaleratu ditu
Eibarko Egogain egoitzako asteburu eta jaiegunetan zerbitzuak kudeatzen ditu Zaintzen enpresak, eta kudeaketa hori bere gain hartzerakoan, zuzenean sei langile kaleratu ditu, eta ez ditu eszedentzian dauden beste hainbeste langile subrogatu nahi izan, nahiz eta hitzarmenean zein Aldundiaren Baldintza administratiboen pleguetan argi aitortuta izan subrogaziorako eskubidea.
ELAren ustez, muga guztiak gainditu dira. Hala ere, ez da egoera berria: Gipuzkoako Foru aldundiak zuzenean kudeatzen duen egoitza bakarra Eibarko Egogain, eta 175 langile ditu. Bada, 61 Foru aldundikoak dira eta beste 114ak bost azpikontratatan banatuta daude. Ondorioz, sei lan hitzarmen ezberdin dituzte Egogaineko langileek, eta arrakala handia dago euren artean, bai soldatetan, bai ordutegietan, bai kontratuetan... Gogora dezagun gerokultoreen kasuan, bi enpresek kontratuta dihardute, eta dagoeneko 100 helegite baino gehiago aurkeztu ditu ELAk langile horien soldata arazoengatik.
Eibarko zahar etxea prekarietate laborategi bilakatu da, bertako eredua zabaltzen baita ondoren Kabiako beste egoitzetara.
Egoeraren larritasuna ikusirik, ELAk honako hau eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari: Zaintzeneko langile guztien behin betiko subrogazioa eskatzea, administrazio pleguetan eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan jasotzen den bezala, langileak euren lanpostuak berreskuratzeko.