Elgoibarko kiroldegia
Grebalariek manifestazioa egin dute hitzarmena berritzearen eta erosahalmena errespetatzearen alde

Apirilaren 20az geroztik greba mugagabean daude Elgoibarko kirol zerbitzuko langileak. Bada, ELAko beste militanteen babesa jaso dute uztailaren 12n, herrian egindako manifestazio jendetsuan. Kiroldegitik abiatu, eta Elgoibarko udaletxearen parean amaitu dute protesta, Udalari eskatzeko hiru hilabeteko grebari konponbidea eman diezaion.
Langileek 2012tik dute hitzarmena berritu gabe. Ondorioz, erosahalmenaren galera oso handia izan da, are gehiago kontuan hartuta urte horretan soldatak %10 txikitu zitzaizkiela. Horregatik, KPIari lotutako soldata igoerak eta hitzarmen berri bat eskatzen dute kiroldegiko grebalariek (guztira 15 langile ditu kirol zerbitzuak, eta BPX enpresak kudeatzen du udalak azpikontratatuta).
Gainera, Elgoibarko Udalak gatazka konpontzeko 153.000 euro eman dizkio BPX enpresari. Diru hori nahikoa izan beharko luke izandako murrizketei aurre egin eta ordutik honako galdutako erosahalmenaren pareko soldata igoerak ezartzeko. Baina ez da horrela izan. BPXk dio diru hori ez dela nahikoa. Langileek, ordea, ez diote sinisten. Diru publikoa izanik, Elgoibarko udalari eskatzen diote gardentasunez azaltzeko benetan diru hori non eta zertan gastatu duen BPXk.
Manifestazioan ere salatu dute lan baldintzak ez direla onak. Soldatak izoztuta izateaz gain, azpikontratazioaren ondorioz lanaldi partzialak, aldi baterako kontratuak eta bestelako baldintza prekarizatzaileak sufritzen dituzte.