Jarraipen zabala izan du Arrasateko Aita Menni Ospitaleko hirugarren greba egunak

2021/04/15
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen arren, Aita Menni Ospitale psikiatrikoko langileek, Arrasaten (Gipuzkoa), hirugarren greba eguna egin dute, aurreko deialdiek baino jarraipen handiagoarekin. ELAren ustez, "onartezina eta ulertezina" da kaudimen ekonomiko handia eta finantzaketa publikoa duen osasun erakunde batean langileek bizi duten egoera prekarioa. "Lan karga handiak dituzte, langileen txandakatzea, partzialtasuna eta lan osasunaren berme falta, azken urtean ospitaleak % 7ko irabaziak izan dituen arren", deitoratu du.

ELAk enpresari eskatu dio gatazka horri amaiera eman diezaiola, langileen enplegua duintzeko benetako edukiekin, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu die erantzukizuna har dezaten eta gatazkari irtenbidea emateko jardun dezaten.

Sindikatuak salatu duenez, azken lau urteetan ospitalean 10 milioi euroko inbertsioa egin duten arren, ez dute langileen lan-baldintzak arautzeko hitzarmenean hobekuntzarik proposatu. "Osasunarekin negozioa egiten jarraitzen dute eta Aita Menni adibide garbia da", dio ELAk.

Sindikatuak langileak zoriondu ditu grebaren arrakastagatik eta, beste behin ere, enpresaren jarrera immobilistari aurre egiteagatik, arazoa konpontzeko borondaterik erakutsi gabe jarraitzen baitu azken honek. Era berean, sindikatuak herriko hainbat eragile sozial eta plataformaren babesa eskertu nahi izan du: Arrasateko pentsiodunak, Itaia, Martxoaren 8ko plataforma...