NATRA (OÑATI)

Langileek ekoizpena geldiarazi dute beste behin

2024/02/13
Oñatiko Natrako (lehengo Zahor) langileak kalera atera dira aste honetan deitutako bi greba-egunetako lehenengoan. Hurrengo greba eguna otsailaren 15ean izango da. Grebak ekoizpena geldiaraztea lortu du; gainera, ehunka lagunek Oñatiko kaleak bete dituzte eguerdian. Langileek asteak daramatzate mobilizatzen.

Natra enpresak 300 langile ditu, eta txokolatea eta horri lotutako produktuak egiten ditu (Zahor enpresa zena da). ELAk 13tik 8 ordezkari ditu, eta urte bat baino gehiago daramatza enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioetan. Alferrik, ordea. Enpresak ez du negoziaketekin jarraitzeko jarrerarik erakutsi eta lehen egunean egindako proposamen atzerakoiak planteatzen jarraitzen du.

Negoziatzeko asmoa ez erakusteaz gain langileei zenbait baimen ukatu dizkie, deskantsuak murriztu, beste langile batzuei ez die kontratua berritu... Halako neurriak hartu ditu mobilizazioak hasi direnean. ELAk argi du langileak zigortzeko neurriak besterik ez direla. Langileek, ordea, argi dute enpresaren blokeoaren aurrean, borrokan eta grebekin jarraituko dutela eduki duinak izango dituen hitzarmen bat lortu arte.

Honako hauek dira langileen eskaera nagusiak:

  • Soldata igoera duinak
  • Errelebo kontratua bermatzea
  • 4. txandaren lan baldintzak hobetzea
  • Lan erreformen aurkako bermeak
  • Aldizkako lan kontratu finkoa dutenen estabilitatea
  • Kategoria eguneraketak