Natra (Oñati)

Lanuzteek jarraipen zabala izan dute

2024/01/30
Oñatiko Natra enpresako hitzarmena berritzeko urte bat baino gehiago daramatzate negoziatzen. Izan ere, enpresak neurri atzerakoiak planteatu ditu, eta negoziaketa blokeatuta dago. Horregatik, mobilizazio dinamika bati ekin diote langileek: aste honetan bi orduko lanuzteak egingo dituzte; datorren astean, otsailaren 6an eta 8an, lau ordutakoak. Negoziazioak bere horretan jarraituz gero, egun osoko grebetara joko dute otsailaren 13an eta 15ean. Lehen lanuzte egunak jarraipen oso zabala izan du, eta produkzioa geratzea lortu da.

Natra enpresak 300 langile ditu, eta txokolatea eta horri lotutako produktuak egiten ditu (Zahor enpresa zena da). ELAk 13tik 8 ordezkari ditu, eta honakoak dira langileen eskaera nagusiak:

  • Soldata igoera duinak
  • Errelebo kontratua bermatzea
  • 4. txandaren lan baldintzak hobetzea
  • Lan erreformen aurkako bermeak
  • Aldizkako lan kontratu finkoa dutenen estabilitatea
  • Kategoria eguneraketak
  • ...

Langileek argi dute enpresaren blokeoaren aurrean, borrokan eta grebekin jarraituko dutela eduki duinak izango dituen hitzarmen bat lortu arte.