Martxoaren 24an greba egun berria Aita Mennin

2021/03/22
Martxoaren 24a, asteazkena, greba eguna izango da Aita Mennik Arrasaten duen ospitalean. ELAk hitzarmen propio baten alde mobilizatzen jarraitzeko deia egin die zentroko 500 langileei. Lau milioi euroko irabaziak lortu eta azken 5 urteetan 10 milioi euroko inbertsioak egin ondoren, langileen lan-baldintzetan ere inbertitzeko garaia da. Hurrengo greba eguna apirilaren 15ean izango da.

Duela hiru urte hasitako hitzarmenaren negoziazioaren ondoren, enpresak ez du oraindik erantzukizunik eta konpromisorik hartu. Azken bileraren ostean, enpresako zuzendaritzak pandemiaren aurretik mahai gainean zeuden proposamenak okertu ditu. Helburua da norbera babesteko ekipamenduen kostua plantillari egoztea, soldatak izoztuz.

Pandemiak agerian utzi ditu ospitalean dauden egiturazko arazoak: langile falta, lan-kargak eta gabezia larriak lan-osasunaren arloan. ELAk aurretik ere aldarrikatzen zituen gai horiek. Gogora dezagun langileek hiru koronabirus agerraldi jasan dituztela enpresak osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-neurriak sistematikoki ez betetzeagatik.

Zuzendaritzak gizarteari begira propaganda egiten du, bere gizatasuna eta pertsonenganako hurbiltasuna adieraziz, baina, bitartean, ez die jaramonik egiten bere pazienteei eta langileei, bere interes ekonomikoak lehenetsiz.
Osasun mentalaren arloan hain garrantzitsua den enpresa batean -4 milioi euro baino gehiagoko irabaziak eta 10 milioi euroko inbertsioak izan ditu 5 urteetan-, ezin dira onartu diskurtso neoliberal horiek. Besteak beste, neurorehabilitazioaren, garuneko kaltearen, laguntza medikoaren, psikologiaren, psikiatriaren eta etxez etxeko laguntzaren alorretan ematen dira zerbitzuak. Baina, urtez urte, pazienteen asistentzia-kalitateak okerrera egiten du, langileen prekarietatea areagotuz. Gainera, enpresaren arabera, eskerrak eman behar dizkiegu zerbitzu batzuk itxi behar izan dituzten arren, langileen zati bat ez bidaltzeagatik. Deigarria da hori esatea itxi diren zentroetako langileak ospitalean lanean egon direnean, langileak falta zirelako.

ELAk beti adierazi du hitzarmen hau negoziatzeko borondatea, eta horretan jarraitzen du. Baina ezin dugu onartu langileentzako murrizketak ekarriko dituen proposamen bat, plantillak pandemiagatik eta enpresak egin duen kudeaketa txarragatik jasan duen urte gogorraren ondoren. Langileek 3 urte daramatzate hitzarmenik gabe; langileek eta pazienteek ez dugu egoera hori merezi.

ELAk langile guztiak animatu ditu asteazkeneko greba egitera, eta apirilaren 15eko lanaldiarekin batera, hiru greba egingo dituzte enpresa horretan, urriaren 14ko lanaldiari jarraipena emanez.

Asteazkeneko mobilizazioen agenda honakoa da:

  • 7:30 pikete informatiboak ospitalean.
  • 11:30 mobilizazioa Arrasateko plazan.
  • 14:30 kontzentrazio zaratatsua ospitaleko atarian.