Microdeco-ko langileak mobilizatuko dira enpresak ez dielako ordaintzen

Microdecoko enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, urtarrilaren 30ean, 12:30etik 13:30era, Eibarko Untzaga Plazan, zuzendaritzari langileekin dituen zorrak berehala ordain ditzala eskatzeko. Hala ez bada, mobilizazioak areagotuko direla aurreratu du. Batzordearen ustez, taldearen estrategia egungo enplegua prekarizatzea da, bankuekin dituen zorrak alde batera utzita.
MICRODECO taldeak, kudeaketa txarra dela eta, ezin dio bankuekin duen zorrari aurre egin, eta, beraz, langileen soldata %15 murriztu nahi du.
Batzordeak soldata jaitsierari uko egiteagatik, enpresak alde bakarrez kendu zuen Gabonetako saskia, eta ez zuen aparteko ordainsaria ordaindu, ezta abenduko soldataren %15 ere. Orain, langileei dagokien soldata-igoera ukatu diete.
Batzordeak salatu du enpresak ez duela planteatutako alternatiba bat bera ere aztertu nahi izan, bere obsesio bakarra soldata murriztea delako. "Soldatek eta lan-baldintzek ez dute arazoa sortu, eta ez dira arazoaren konponbidea. Ez gara zuzendaritzaren kudeaketa txarraren errudunak ", ondorioztatu dute.