Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileen kolektiboan deitutako egun osoko lehen grebak %75eko jarraipena izan du

2018/12/19
Ordu erdiko eta hiru orduko lanuzteen ondoren, abenduaren 19rako STEILAS eta ELAk Haurreskoletako kudeaketa langileen kolektiboan deituriko egun osoko grebak jarraipen zabala izan du eta konponbiderik ezean, greba eta mobilizazioak areagotuko dituzte. Haurreskolak Partzuergoari langileen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat mahai gainean jartzea exijitzen diote, horrela izan ezean greba eta mobilizazioekin jarraituko baitute. Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari, berriz, negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatzea (gaur egun urratzen ari da) eta kudeaketa langileen lan baldintzen negoziazio osoa mahai negoziatzailean egitea.

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileak urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: ez dute lanpostu zerrendarik; %100 behinbehinekoak dira; ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez; Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, 2 kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab.

Urteetan zehar izan duten ziurgabetasuna izugarria izan da eta baldintza hobeak dituen beste lanpostu bat bilatzea bultzatu ditu; azken urte erdian, bataz beste, 25 langileetatik 16 langilek bere lanpostua utzi dute Haurreskolak Partzuergoan, langilegoaren %64ak. Kopuru hau izugarria da!

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen.

Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia bederatzi hilabete pasa direnean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe oraindik.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELAk kudeaketa langileen aldarrikapenak babestuz pasa den abenduaren 4an mobilizazioekin hasi ginen, %75etik gorako jarraipena izan zuen ordu erdiko lanuzte bat eginez. Abenduaren 11n jarraipen bera izan zuen 3 orduko lanuztea egin genuen eta orain, jarraipen zabala izan duen egun osoko lehen greba eguna burutu dugu, beti ere, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari lan baldintza duinak exijitzeko.

Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:

• Lanpostu zerrenda duina osatu.

• Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.

• Ordezkoen araudi propioa sortu.

• Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu duten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoa gai honen inguruan negoziatzeko mahai negoziatzailea deitzera behartu genuen abenduaren 14an. Mahai horretan, alde batetik, langileak egonkortzeko bermerik gabeko LEP prozesu bat jarri zuen mahai gainean Partzuergoak. Eta bestetik, Lanpostuen Balorazio Batzorde bat sortuko zuela esan zuen Haurreskolak Partzuergoak soldata, kategoria, funtzioak, etab. definitzeko. Batzorde honetan administrazioko 2 kidek eta langileen ordezkarien bi kidek hartuko lukete parte, hau da, sindikatu bat negoziaziotik kanpo geratuko litzateke.

Hainbat urtetan kudeaketa langileen lan baldintza eta egoera prekarioari irtenbiderik gabe igaro ostean, mahai negoziatzailean egindako planteamendu hauek langileekiko arduragabekeria eta errespetu falta izugarria izateaz gain, sindikatuon negoziazio kolektiboaren kontrako urraketa larria suposatzen dute, mahai negoziatzailean negoziatu beharreko gaiak batzorde horretara bideratu nahi baitituzte.