Arrasateko Aita Menni Ospitaleko langileek greba egingo dute urriaren 14an

Urte eta erdiko mobilizazioen ostean, Aita Menniko langileek greba deitu dute urriaren 14rako. Diotenez, beren lanpostuetan arrisku handiko egoerak bizi dituzte pertsona ahulekin, eta muturreko egoerak bizitzeko beldur dira, adibidez, Legezko Zigor Unitatean. Aldez aurretik adostutako edukiak sistematikoki boikotatzea eta langileen negoziazio-eskubidea urratzea leporatu diote enpresari.
Salatu dute, halaber, pandemia betean, enpresak ez diela PCR probarik egin langileei oporren ostean lanera itzultzeko unean, Arrasateko Ospitalean berragertze kasuak erregistratu diren arren. "Pazienteen asistentzia kalitatezkoa izan dadin, langileen baldintzak bermatu behar dira, eta hori da lehen lerroan jarri nahi duguna", esan dute. Aita Menniren filosofiaren beraren arabera, pertsonen ongizateari eta errespetuari zentraltasuna eman behar zaiela gogorarazi dute, eta, beraz, oso galdera zehatza egin dute: “zer leku betetzen dugu langileok filosofia horretan?”.
Aita Menniren izaera “lukrorik gabekoa” omen da, baina finantzazio publikoa dago oinarrian, bai Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiena eta baita Eusko Jaularitzako Osasun Sailarena ere. "Negozio aparta bilakatu dute osasunarena: enpresak urtean milioi bateko irabazi garbiak ditu, langileen baldintzak zazpi puntu igotzeko gaitasuna dauka eta Gipuzkoako Foru Aldundia negozio honen konplize da, beste behin ere", kexu dira.
Langileek urriaren 14an egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin diote gizarteari, "txaloetatik ekintzetara pasatzeko, gipuzkoarren osasunerako hain garrantzitsua den enpresa honetako langileok merezi ditugun lan-baldintzak izan ditzagun".