EUSKARA

“Dekretu berria, eduki zaharrak”

2024/04/17
ELAren uskara arduradun Pello Igeregiren ustez Administrazioetan Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Dekretuak gaztelaniaren hegemonia ahalbideratuko du hurrengo belaunaldietan

Eusko Jaurlaritzak Administrazioetan Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Dekretua onartu zuen otsailean. Dekretu berria, eduki zaharrak. Hala salatzen du Pello Igeregik elkarrizketa honetan –“dekretu berriak aurrekoaren funtsezko elementuak ditu, eta jasotzen dituen aldaketak estetikoak dira”–, eta euskararen alorrean ere langileon mobilizazioa ezinbestekoa izango dela azpimarratzen du.

ELAk dekretuaren inguruan egin zuen lehen irakurketan aukera bat galdu dela aipatu zuen. Zergatik?

Lehendabizi abiapuntura jo behar dugu. Eta abiapuntua da gaztelania inposatzen dela lanpostu guztietan, eta euskara batzuetan bakarrik. Gaztelaniaren hegemonia horrenbeste naturalizatu da hainbat lagunek euskara eskakizunak egotea agresio edo eraso moduan hartzen dutela. Errealitatean, ordea, erasotu duen bakarra gaztelania da. Guk eskatzen duguna parekatzeko prozesu bat da.

Gizonezko matxista batzuk asaldatu egiten dira feminismoak edozein gauza planteatzen duenean. Euskararekin gauza bera gertatzen da. Inori kalte egiten ez dion parekatze prozesua eskatzen duzunean euskarafoboak asaldatu egin dira, gaztelaniaren hegemonia bermatu nahi dutelako.

Gaztelania beti da goratzen den hizkuntza; bitartean, euskal hiztunok administraziora jotzen dugunean geure burua nabarmendu behar izaten dugu. Esaterako, pistola duen polizia batek ‘buenos días’ esaten digunean euskal hiztunok esan behar diogu zerbitzua euskaraz nahi dugula. Edo izugarrizko ilara dagoen osasun zentro batean medikuak ‘buenos días’ esaten digunean erantzun behar diogu beste mediku batek artatzea nahi dugula, euskarazko arreta nahi dugulako. Egoera hori da, eta horretara behartu nahi gaituzte.

Horregatik diogu aukera bat galdu dela eta uko egin zaiolako administrazioan euskal hiztunen hizkuntza eskubideak parekatzeari. Egungo diglosia egoera mantentzearen aldeko hautua egin du Jaurlaritzak.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak bazuen modua egoera iraultzeko, ez?

Bai noski. Hizkuntzak parekatzeko prozesu bat eskatzen dugu, 15 urte iraungo duena. Epe horretan asko izango dira erretiroa hartuko duten langile publikoak, eta epe horretan sartuko diren langile publikoak euskalduntzeko aukera dago. Denbora horretan egun administrazioan dauden eta euskaraz ez dakiten langileak euskalduntzeko aukera dago, horretarako baliabideak jarrita eta laguntzak emanda. Esaterako, neurriak hartuz langile horiek liberatu eta euskara ikasteko denbora izan dezaten. Baliabide horiekin 15 urteko epean bi hizkuntzak ezagutzea bermatu behar da. Oso sinplea da, ez du inor kaltetzen eta helburua betetzen da: administrazio publikoan bi hizkuntza ofizialetan lan egin ahal izatea.

Beraz, 15 urteko epean denbora dago bi hizkuntzak parekatzeko, eta, hortik aurrera bi eskubide bermatzeko: administrazioan langileek euskaraz lan egiteko dutena eta herritarrek nabarmendu gabe euskarazko zerbitzua eskatzeko dutena.

Berriki jakin denez, Bizkaiko Foru Aldundian ehunka lanpostu daude arriskuan, epaitegiak ‘euskara eskakizunak proportzioz kanpokoak’ direla ebatzi duelako. Azken hilabeteetan gisa honetako hainbat albiste jaso ditugu. Zer egin dezakegu horrelako erabakien aurka?

Albiste honek, eta egon diren antzeko albisteak, badu lotura dekretuarekin. Bizkaiko Foru Aldundiaren kasuan epaitegiek esan dute orain arte indarrean egon den dekretua interpelatuta gehiegizko euskara eskakizun bat egon dela; dekretu berriak hori ez du konpontzen. Izan ere, proportzio bera mantentzen du, hitzez hitz. Epaitegiak indarrean egon den dekretuaren oso interpretazio murritzailea egiten ari dira, eta dekretu berriarekin gauza bera egingo dute.

Dekretuaren eta epai hauen inguruan lotura dagoela diogu Jaurlaritzak uko egin diolako egoera konpontzeari. Eta, nahi izan balu, konpondu zezakeen.

Nola?

Dekretua eta Euskararen Legearen aldaketa batekin mugaraino eraman daiteke bi hizkuntza eskubideak parekatzeko aukera. Epaitegiak Espainiako Konstituzioaren interpretazio murritzailea egiten ari dira, zuzeneko aplikazioa egiten ari dira. Epaitegi horien aplikazioa zabaltzen bada, ezinezkoa da Espainiako Konstituzioaren barruan maila berean bi hizkuntza ofizial edukitzea, eta benetan hizkuntza ofizial bakarra egongo da, gaztelania. Egiten duten interpretazioa da hizkuntza bat derrigorrez ikasi beharrekoa dela, gaztelania. Beste hizkuntza, berriz, hautazkoa da ikastea edo ez ikastea. Horren arabera, administrazioetan hizkuntza bakarra eskatu liteke modu unibertsalean, gaztelania, bestela herritar batzuk diskriminatuko dira beste herritar batzuekin alderatuta administrazio publikorako sarbidean.

Interpretazio hau bakarrik euskararekin egiten da. Beste edozein jakintzarekin ez lukete egingo. Esaterako, medikuntza. Epaileek ez lukete planteatuko medikuntza soilik gizartearen parte batek ikasi duenez, eta medikua izateko eskubidea denok eduki behar dugunez, lizentziatura edo gradua ez daukanak ere eduki beharko lukeela eskubidea ere mediku izateko.

Ikusi beharko da euskararen legea mugaraino eraman ahal izango den, baina epaitegiek Espainiako Konstituzioaren beste interpretazio bat egiten ez badute, hizkuntza eskubide guztiak soilik Espainiarekin apurtuta lortu ahal izango ditugu.

Sindikatu bezala zer egin dezakegu eragiteko?

Guri dagokiguna da beste borondate politiko bat egon dadin presionatzea. Dekretua atera da atera den moduan EAJk PSE-EEri beto eskubidea eman diolako. Eta beto eskubide hori onartu du ez duelako nahi hizkuntzaren gaia gizartean eztabaidagai izatea, ulertzen duelako hauteskundeei begira ez diola mesederik egiten.

Guk saiatu behar dugu presioa jasan dezatela, baina beste norabidean. Hau da, ulertarazi behar dugu euskararen gaian aurrerapenik ematen ez bada sufritu egingo dutela. Eztabaida puntu horretara eramateko kontzientzia zabaldu beharra daukagu, euskararen benetako egoeraren berri eman, langileria zapalkuntzaren jabe egin eta, hortik aurrera, mobilizazioaren bidez administrazioek euren iritzia aldatzea lortu. Izan ere, borondatez ez dute lortuko.