50 langiletik gorako enpresetan Euskara Plana negoziatzea obligazio bihurtu nahi du ELAk

2020/11/19
Euskaraldiak irauten duen bitartean, ELAren komunikazioak euskara hutsean izango dira, gure hizkuntzak merezi eta behar duen lekua aldarrikatzeko.

ELAren ustetan azaroaren 20an hasiko den Euskaraldiak hiru bide zabalduko ditu: lehenik eta behin, bestela ezkutuan legokeen euskararen gaia eztabaidagai bihurtzen du; bigarrenik, euskaldunoi hizkuntza eskubideen gaian boteretzeko aukera ematen digu; eta hirugarrenik, hizkuntza-ohiturak aldatzeko testuinguru erosoa eskaintzen du, sarri oso zarrotza egiten zaigun hizkuntza hautuaren negoziazioa egiteko.

Hala ere, Euskaraldiak baditu arriskuak ere. Adibidez, Euskaraldiaren muinean norbanakoen arteko hizkuntza-ohituren negoziaketa dago eta agian Gobernu eta instituzio ezberdinek hizkuntza politikak horretara mugatu nahi dituztela. Bide batez esanda, Euskaraldiaren zehar ELAren komunikazioak euskara hutsean izango dira.

ELAren ustez euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea soilik izango dugu bermatua euskaraz bizitzea beste edozein eskubide zibilen pare kokatzean eta, ondorioz, gizartean euskaraz bizitzeko dauden oztopo guztiak gainditzeko erabaki politikoa hartzean. Honek irakurketa estrukturala eskatzen du, gure bizitzan eragina duten politika guztietan zeharka euskaldunon hizkuntza eskubideak txertatu behar ditu.

Hau deserosoa da gobernuentzat, hezkuntza-politika, komunikabideekiko politika, industria politika edo aisialdirako politika zalantzan jartzea baitakar, eta horrekin batera exijentzia maila izugarri handitzen baitu. Bada garaia hizkuntza politika lehendakariordetza batean kokatzekoa, erabaki politiko guztietan zeharka hizkuntza eskubideak bermatzeko egitekoarekin.

ELAren ustez logika neoliberala euskararen etorkizunarekin bateraezina da. Batetik, eskubide zibilak ulertzeko molde indibidualistak berekin dakar euskaldunok gure hizkuntza eskubideak zapalduak izango direla onartu behar izatea, kultura neoliberalak ahaztu egiten baitu askatasun indibidualak soilik gizarteko beste kideekin harremanetan gara daitezkeela, eta horrek denontzako eskubide eta obligazioak dakartza, eskubideak garatzeko behar besteko baliabideekin batera, bestela erderaren egoera pribilegiatu eta hegemonikoa ontzat ematea beste aukerarik ez dugu izango.

Eta, bestetik, euskara ez da sekula hizkuntza errentagarria izango ikuspuntu ekonomikotik, ez dugu horretarako tamainarik. Ondorioz, hizkuntzen arteko desorekak gainditzeko politika publiko indartsua eta ausartak ez badaude ezinezkoa izango da euskarak egun erdarak okupatzen dituen espazioetan sarbidea izatea.

ELAn badugu zer hobetua hizkuntza eskubideak lantokietan defendatzerakoan, baina horretarako konpromiso irmoa dugu. Konpromiso hori dugu euskaldunon hizkuntza eskubideak beste eskubide zibilen pare kokatzen ditugulako, sinistuta gaudelako euskararen garapenak euskal gizartearen kohesioan sakontzea dakarrela eta hau baldintza prepolitikoa dela ondoren gizarte justuago baten alde ekiteko eta, azkenik, argi dugulako herrien homogeneizazioa dakarren kultura neoliberalarekin amaitzeko euskara baino balio kontrakultural gutxi direla eta honek hizkuntza eskubideen defentsa beste hainbat eskubideren aldeko borrokekin konekta dezakeela.

Erantzukizun horri behar bezala heltzeko Kontseilua eta LABekin batera ELAk eskakizun bat egin berri du: 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko obligazioa sortu. Euskararen gaia lan munduan ere eztabaidagai bihurtuko luke, eta egun euskararen normalizaziorako neurriak enpresen %1ean ere ematen ez direla kontuan izanik bada zerbait. Patronalen, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku dago inflexio puntu izan daitekeen urrats txiki hau ematea. Hau da Euskaraldirako ELAren konpromisoa.