Euskararen normalizazioaren aurkako jazarpen judiziala salatu du ELAk
EAEko Auzitegi Nagusiaren azken ebazpenaren berri izan ostean, ELAk adierazi du administrazio publikoan euskararen normalizazioaren aurkako jazarpen judizialaren beste adibide baten aurrean gaudela. Sindikatuak jakinarazi du sententzia osoa irakurri eta sakon aztertu arte ez duela bere balorazio juridiko zehatza egingo, baina, aurrerapen gisa, ebazpena oso larritzat jo du.
ELAk salatu du horrelako auzi eta ebazpenen atzean euskararen normalizazioa oztopatu nahi duten sektore judizial, politiko eta sindikal batzuen bulkada euskarafoboa dagoela, gaztelaniaren nagusitasuna mantendu eta euskararen erabilera mugatu nahi dutenak.
Ildo horretan, ELAk adierazi du ez duela onartuko gaztelaniaren inposizioa normalizatzea, ezta euskararen ezagutza pribilegio edo diskriminazio-faktoretzat hartzea ere. Sindikatuak azpimarratu du hizkuntza-eskubideak oinarrizko eskubide sozialekin lotuta daudela, eta, beraz, horien defentsan lanean jarraituko duela.