EUSKARAFOBIA

Auzitegi Konstituzionalak Udaletako langile eta zinegotzi euskaldunak erdaraz aritzera behartu ditu

2023/07/07
Atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua indargabetu zuen. Auzitegi Konstituzionalak ezarri du EAEko zinegotzi eta udal langile guztiak erdaraz lan egitera behartuta daudela, euskaraz aritzea hautazkoa den bitartean. Auzitegi Konstituzionalaren arabera euskaldunok ezin dugu Espainian euskaraz bizitzeko eskubiderik izan, erdararen inposaketaren aldeko interpretazio legal militantea egiten baitu. Ondorioz, euskaraz bizitzeko aukera bakarra estatu gisa izango dugu euskaldunok.

 

EAEko udal legearen 6.2 artikuluak aurreikusten zuen udaletxeetako barne-organoek euskaraz aritzeko aukera, beti ere udaletxeko kideren baten eskubideak urratu ezean. Hau da, prozedura batean aritzen den herritar, langile edo zinegotzi batek euskara ezagutuko ez balu prozedura hori euskaraz eta erdaraz egitea eskatu ahalko luke. Artikulu hau da hain zuzen, Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi duen artikulua.

Hots, Auzitegi Konstituzionalaren interpretazioaren arabera, administrazio guztiek prozedura guztiak erdaraz behintzat egitera behartuta daude, euskaraz aritzea hautazkoa den bitartean, baita herritarren %90etik gora euskalduna den eremuetan ere.

Auzitegi Konstituzionalaren prentsa-oharrak hitzez hitz hurrengoa dio: “... Ello conduce necesariamente al régimen del bilingüismo (“equilibrio lingüístico”) o al uso exclusivo del castellano, única lengua de obligado conocimiento por parte de todos los españoles...”. Praktikan eremu guztietan gaztelaniaz aritzeko obligazioa ezartzen ari da Espainiako Auzitegi Konstituzionala.

ELAk salatu nahi du Auzitegi Konstituzionalaren interpretazio honekin euskaraz bizitzea ezinezko bilakatu nahi duela. Sindikatu garen heinean, bereziki kezkatzen gaitu epai honen ondorioz udaletxeetako langile euskaldunak erdaraz lan egitera behartuak izango direla prozedura guztietan, baita erdaraz aritu nahi ez duten interesatuta daudenean ere. Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluaren interpretazio legal militante honen bidez erdara esparru guztietan inposatzen du Auzitegi Konstituzionalak, VOXen eskariz. Erdara inposatzen duen bitartean, ontzat ematen du egunerokoan euskaldunok bizi dugun hizkuntza eskubideen zanpaketa eta gure bizitzako egoera gehienetan, baita administrazioen aurrean ere, erdaraz aritzera behartuak izatea.

Ustez progresistak nagusi diren Auzitegi Konstituzional honek egindako interpretazio honekin euskaldunok ez dugu aukerarik izango euskaraz bizitzeko. Auzitegi Konstituzionalaren epai hau bestelako auzitegietan ematen ari den epai euskarafoboen dinamikaren barnean kokatzen du ELAk eta argi du konfrontazio dinamika indartsu bat martxan jarri ezean ez dela euskaldunon hizkuntza eskubiderik oinarrizkoena ere errespetatuko. ELAren ustez onartezina da hizkuntza politikak VOXen muga ideologikoen barnean egin behar izatea eta dei egiten dio bere militantziari euskaldunon hizkuntza eskubideak mugatzeko hartu diren erabakien aurka deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Espainiako botereen inposaketa politika honen bitartez, euskaldunok Espainia barnean dugun etorkizun bakarra gure nortasun zeinu guztien desagerpen “gozoa” da. Era berean, euskaldunok gure hizkuntza, kultura eta balioak mantentzeko aukera soilik Espainiatik kanpo estatu gisa izango dugu.