EUSKARAREN AURKAKO EPAI BERRIA

CCOO sindikatua euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako “Manos Limpias” bilakatu da

2025/12/11
CCOO sindikatua euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako “Manos Limpias” bilakatu da
Abenduaren 10ean publiko eginiko EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak hizkuntzen arteko ustezko berdintasun printzipioa baliatzen du gaztelaniaren inposizio sistematikoa betikotzeko. Administrazioetan gaztelaniaren inposizio normalizatua dago eta euskaldunek ez dute bermaturik euskaraz zerbitzua jaso ahal izatea edo euskaraz lan egin ahal izatea, CCOO sindikatuak inposizio sistematiko hori orekatzeko oso oinarrizko neurri batzuk baliogabetzea lortu du EAEko Auzitegi Nagusiaren laguntzaz

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio EAEko bi hizkuntza ofizialek administrazioetan trataera bera izateari. Zehazki, uko egin dio trantsizio prozesu baten bidez administrazioetako langileei gaztelania beste euskara eskatzeari. Ondorioz, lanpostu guztietan gaztelaniaren ezagutza derrigortzen da eta euskara lanpostu batzuetan soilik. ELAk hainbatetan eskatu du bi hizkuntzen eskakizuna parekatzeko prozesu bat irekitzea, erretiroa hartu behar duten langileak salbuetsita eta beste langile guztiei euskara ikasteko laguntza, baliabideak eta denbora eskainita. Eusko Jaurlaritzak gaztelaniaren inposizioa ontzat eman du eta euskara sustatzeko oinarrizko eskaera batzuk besterik ez ditu egiten eta, hala ere, CCOO sindikatuari gehiegizkoa iruditzen zaio eta epaitegi euskarafoboak baliatzen ditu euskaldunon hizkuntz eskubideak murrizteko.

Oraingoan CCOO sindikatuak hizkuntzen erabilera gomendatzen duen Eusko Jaurlaritzaren akordio baten hainbat artikulu baliogabetzea lortu du. Besteak beste hurrengo gomendioak deuseztatu ditu:

  • Herritarrek administrazioek azpikontratutako enpresekin harremanetan zuzenean administrazioarekin izango lituzketen hizkuntz eskubide berdinak izatea. Hau da, herritarrek ezingo dute eskatu azpikontratatutako zerbitzu publikoetan enpresek hizkuntz eskubideak bermatzea eta gaztelaniaz aritzera behartuak izan daitezke.
  • Azpikontratutako enpresek administrazioarentzat lanean ari direnean dokumentazioa euskaraz ere derrigorrez aurkeztu behar izatea. Azpikontratatutako enpresek dokumentazioa orokorrean gaztelaniaz soilik aurkezten dute, ondorioz, administrazioaren funtzionamendua erdalduntzen dute, administrazioentzat lanean ari direnean ere.
  • Zerbitzu publikoetan langileek agurra euskaraz egitea eskatzea. Zerbitzu publikoetako langileek herritarrekiko botere harremana dute, herritarrak zaurgarri diren egoeretan behar baitute beren zerbitzua (osasun arazoak dauzkatenean, zaintza beharra dutenean, administrazioen laguntza behar dutenean...). Gaztelaniaren inposizioaren ondorioz euskaldunak ohituak daude beren hizkuntz eskubideei uko egitera eta agurra euskaraz jasotzen ez badute gaztelaniara joko dute kasu gehienetan, langileei aurre ez egitearren. Euskararen erabilera errazten duen oinarrizko gomendio hau debekatu nahi izan dute CCOO sindikatuak eta Auzitegi Nagusiak.
  • Formazioa euskaraz derrigorrez egiteko aukera hizkuntz eskakizunak dituzten langileentzat. Langile publikoek hainbat formazio derrigorrez jaso behar izaten dituzte eta formazio horiek gaztelaniaz izaten dira. Hau da, formazioa gaztelaniaz derrigorrez jaso behar izaten da eta hemendik aurrera formazioak euskaraz jasotzea hautazkoa izango da. Ondorioz, formazioa soilik gaztelaniaz eskaintzen jarraituko dute administrazioek.
  • Euskararen ezagutza egiaztatuta duten langileei dokumentuak euskara hutsez emateko aukera. Administrazioetan lan-dokumentuak gaztelania hutsez lantzea eta langileei eskeintzea da ohikoena. Bada, hori ezingo da euskaraz egin eta, ondorioz, lan-hizkuntza gaztelania izatea inposatuko da. Itzulpenak normalean herritarrei eskaintzen zaizkien dokumentuetan bakarrik egiten dira, beraz, lan-hizkuntza originala bakarra izaten da, hizkuntza horrek ezin badu euskara izan derrigorrez gaztelania izango da.

Auzitegi Nagusiak epaiak berriro ere gogora ekarri du aurretik ezarritako jurisprudentzia: “el equilibrio entre ambas lenguas impone o bien que se efectúe en ambas o bien en aquella que todos tienen el deber de conocer”. Hots, administrazioak bi hizkuntzatan edo gaztelaniaz soilik aritu daitezkeela, eta inolaz ere ez euskara hutsez. CCOO sindikatuak bere helegitearekin supremazismo linguistiko eta konstituzional hau aplikatu nahi izan du langile guztiak gaztelaniaz derrigorrez arituko direla bermatzeko eta euskaldunon hizkuntz eskubideak zokoratzeko.

Orain arte CCOO sindikatuak behin-behineko langileek lana galtzeko arriskua jarri du aitzakia gisa euskararen normalizazioaren aurkako legezko salaketak egiteko. Bada, oraingoan lanpostuekin edo hautaketa sistemekin inongo loturarik ez dauzkaten neurriak inpugnatu ditu eta argi erakutsi du jarrera supremazista duela eta gaztelaniaren ezagutza inposatu nahi duela administrazioetan. Jarrera euskarafobo hauek salatu beharra dago eta sindikatu honekin elkarlan normalizatuaren bidez ezin da beren jarduna zuritu, sindikatu ultraeskuindarrek moduan epaitegiak zapaldutako kolektiboen aurka aritzeko erabiltzen dituen bitartean.

ELAren iritziz bada garaia alderdi politiko, sindikatu eta epaile euskarafoboei aurre egiteko eta euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. Egungo marko legal eta konstituzionalak euskaldunon hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen ditu. Euskaldunek berdintasun eskubidea bermaturik behar dute eta, ondorioz, beren bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du ELAk. Administrazioek eta epaileek uko egin diete baliabide eta neurriak ezartzeari egungo euskaldunon hizkuntza zapalketa gainditzeko eta, horregatik, mobilizazioa da ELAren ustez gizarteak duen bide bakarra, horregatik bere militanteak deitzen ditu LABekin batera abenduaren 16an Iruñean eta 17an Gasteizen antolatutako mobilizazioetan parte-hartzera.