EiTB: aldatu gidoia!
ELAk bat egin du `Aldatu Gidoia´ kanpainarekin euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal eta erakargarria eskatzeko
“EITBn, zineman eta streaming plataformetan gaztelerazko fikzioa da nagusi erabat, euskarazkoak ia tokirik ez duen bitartean. Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako politikek euskara zokoratu eta euskaldunoi ezikusiarena egiten digute”, kexu dira. “Hanka-sartze larria” iruditzen zaie hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik. “Euskaldunoi ez zaizkigu hizkuntza eskubideak bermatzen, euskaraz janzteko eta erabiltzeko aukerak murrizten zaizkigu, eta kalte handia eragiten digu euskarari eta euskaldunoi”, adierazi dute.
Bide beretik, gogorarazi dute Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu dituela apurka-apurka. “EITBren telebista-kate eta irratietan gaztelerazko programa eta edukiek dute lehentasuna. Ondorioz, gaztelerazko telebista-irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik”.